Igo
  • 2019/12/19

Miren Agirregoikoa, Daniel Arenas eta Mario Lazarori aitortza egin die udalak

Miren Agirregoikoari, saskibaloian egin duen ibilbide oparoagatik; Daniel Arenasi, beteranoetan munduko txapeldun izan delako bizikleta eta txakurra uztartzen dituen bikejoring kirolean; eta Mario Lazaro udaltzainari, Lloret del Mar-en itotzen ari zen haur bati bizia itzuli ziolako. Hiru galdakoztarrei aitortza ekitaldia egin die Galdakaoko Udalak, gaur, udalbatzari ekin aurretik. Gustura eskertu dute hirurek aitorpena.


Ondoren, laburra izan da oso urteko azken udalbatza: Musika Eskolaren funtzionamendu premia batzuk asetzeko iaz onartu ziren bi diru partida ordaintzea aho batez onartu da, eta azaroaren 20tik abenduaren 12ra bitarteko dekretu eta ebazpenen kontu eman da. Galderen tartean, Miguel Angel Martin zinegotziak metroa Galdakaora ekartzeko behar adina lan ez egitea leporatu dio taldekide zuen Mari Paz Losada Mugikortasun zinegotziari.


Azkenik, udal talde guztiek adostutako adierazpen instituzionala irakurri da. Suziriek autismoa edo bestelako gaixotasun batzuk dituzten pertsonei, haur zein nagusiei eta animaliei eragiten dizkien kalteak direla eta, erabilera arduratsua eskatu die udalak herritarrei. Urte zahar gauean suziri eta petardoak 00:00etatik 00:30era mugatzeko gomendatu dute, eta udalak aurrerantzean erabiliko dituen suak isilak izateko asmoa adierazi dute. Aldi berean, halakoen erabilera arautzeko beharra azaldu dute.