Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Metroari buruzko informazioa biltzeko foroa abiatu du Udalak eta abenduaren 13an Jaurlaritzako Garraio zuzendariak azalpenak emango ditu Torrezabalen

Mugikortasuna eta garraioa   2022/12/05

“Gero bat denontzat/Un futuro compartido” izeneko Gobernu Planak Galdakaoko metroari bultzada ematea eta sor litezkeen albiste eta aurrerapenei buruzko informazio gardena emateko beharra jasotzen du bere 74. neurrian. Metroaren 5. Linea errealitate bihurtzeko urratsak egin diren honetan, Udaleko Parte Hartze eta Gardentasun arloak gune egonkor berria sortu du erabaki.galdakao.eus parte-hartze plataforman. Bertan, proiektu honen inguruan jakinmina duten auzokideek xehetasun guztiak ezagutu, aurrerapenen berri izan eta egingo diren ekintzen inguruko informazioa jaso ahal izango dute. 


Metroaren Foroak proiektu honen inguruan sor daitezkeen ohiko zalantzetarako erantzunak edo proiektuaren jarraipena egiteko bloga izango ditu, besteak beste. Aurrerapenen berri zehatza izateko plataforman foroak duen gunean sartu, erregistratu eta “jarraitu” botoia sakatu besterik ez da egin behar. Informazioa eguneratzen den bakoitzean (jarduera berri bat, sarrera berri bat blogean…) posta elektronikoan mezua jasoko da.


Foro hau irekitzeko lehen ekintza gisa, Galdakaoko Udalak hitzaldi informatiboa antolatuko du abenduaren 13an, astearea, arratsaldeko 18:00etan Torrezabaleko Areto Nagusian. Saio honetako hizlariak Loli de Juan de Miguel, Garraio Azpiegituren zuzendaria, eta Julian Ferraz Sumillera, Zuzendaritzako Ondokoa izango dira. Batak zein besteak proiektuaren azalpena egingo dute eta bertaratuen galderak erantzungo dituzte.


Bertaratzeko ez da izena eman behar eta, hitzaldiaren edukia ahalik eta gehien zabaltzeko, hitzaldia streaming bidez ere jarraitu ahal izango da erabaki.galdakao.eus plataforman jarritako estekaren bidez. Streaming bidezko jarraitzaileek ere galderak egin ahal izango dituzte.