Igo
  • 2020/11/09

Metroa Galdakaora iristeko konpromisoa bete dezatela eskatzen die udalak hartarako eskumena duten erakundeei

25 urte bete ditu Bilboko Metroak, eta ibilbide luzea egin du bi hamarkada eta erdi horietan: helmuga, geltoki eta línea berriekin, zabalkunde handia izan du. Beste helmuga bat ere marraztua zuen paperetan, bozgorailu eta guzti iragarria hedabideetan: Galdakaora eta Usansolora aurki helduko den promesa ugari entzun ditugu azken urte eta hilabeteotan. Adierazpenak adierazpen, Galdakaoko eta inguruko herriak proiektu horretatik kanpo utzi direla agerikoa da, ordea. Milaka eta milaka herritarri zerbitzua emango liokeen eta eskualdeko ospitalerako mugikortasuna nabarmen hobetuko lukeen egitasmoa mahai gainean azkenaldian.


Egin dezagun memoria ariketa arin bat; gogora ditzagun horrenbesteko irmotasunez azken bi urteotan egindako adierazpen batzuk:



  • 2019ko urtarrilean metroa Galdakaora iritsiko dela baieztatu zuen Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak: "Bermerik onena da lanak 2021ean hasiko direla".

  • 2019ko maiatzean bere konpromisoa adierazi zuen Rementeriak: "Metroa Galdakaora eramateko erabakia hartua dago", esan zuen udal hauteskunde kanpainan Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura sailburuarekin Galdakaora etorrita. Lanak 2021ean abiatuko zirela baieztatu zuen, eta horretarako, Jaurlaritzak eta Aldundiak diru ekarpenak 2019an bertan egingo zituztela. "3. Linea osatu dugu eta gure hurrengo konpromisoa metroa Galdakaora eta Usansoloko ospitalera ekartzea da". Horixe esan zuen Rementeriak Galdakaoko Agirre Lehendakaria plazan; laster hor bertan fosterito bate gongo zela ere iragarri zuen.

  • Mezu berarekin jarraituta, metroa Galdakaora eramateko lanak 2021ean hasteko konpromisoa berretsi zuen Rementeriak Bizkaiko Batzar Nagusietan aurtengo urtarrilean.

  • Urrian bertan, sentsazio onarekin irten zen Galdakaoko Udala ETS Eusko Trenbide Sarearekin izan zuen bileratik, proiektuak aurrera jarraitzen zuela ikusita.

  • Berriki, ordea, Aldundiak metroaren 4. eta 5. Lineak Europako dirulaguntzen menpe jarri ditu, ordura arteko mezua aldatuta. Aldundiak aurrez iragarrita zituen gainerako proiektu gehien-gehienak Europaren diru laguntzarik gabe ere egikarituko direla adierazi zuen ahaldun nagusiak joan den urriaren 28an. Besteak beste, Lamiakoko ibai azpiko tunelaren proiektu erraldoia edo supersurraren luzapenarena. Baina metroa Galdakaora eramateari dagokion egitasmoa baldintzatuta utzi zuen.


Proiektua ez dadila Europako funtsetara baldintzatu eskatzen du Galdakaoko Udalak irmoki. Linea berri horren aldeko apustua argia izan behar da, are gehiago horrenbeste urteetan agindutako promesa izanik, eta Aldundiak beste proiektu batzuei Europako diru laguntzarik gabe ere eusteko asmoa erakutsi duenean.


Galdakaoko herriarekiko zor historikoa dago eta proiektu horren alde egiteko eskatzen die udalak erakunde eskudundunei, nahiz Europako funtsekin ez ordaindu. Hala izan dadin eta metroa Galdakaora heldu dadin beharrezko urratsak egiten jarraituko du Galdakaoko Udalak.