Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Mendizaletasuna eta ingurumenaren babesa sustatzeko mendi martxen proiektuan parte hartuko du Galdakaok

Iraunkortasuna   2022/07/05

Bizkaiko bost herri eta bertako mendi taldeekin elkarlanean, mendi martxak, hitzaldiak eta ingurunea garbitzeko ekintzak antolatu dituzte Bizkaiko Mendizale Federazioak eta BBK-k. Helburu nagusia da lurraldea jagon eta babestea, jasangarritasunaren ikuspegitik kontzientziatzea, mendizaletasuna sustatzea eta, hori guztia, edonorentzako ekimen inklusibo gisara egitea. Bost herri horietako bat izango da Galdakao, Ganguren Mendi Taldearen laguntzarekin, eta egitasmoa aurkezteko Bilbon egin den ekitaldian parte hartu dute Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak eta Pedro Aizarna Ganguren Mendi Taldeko lehendakariak, antolatzaileekin, eta Juango San Sebastian alpinista ondoan dutela. 


Aurkezpenean, Koldo Bilbaok laburbildu du BBK Mendi Martxak izeneko egitasmoaran izaera: “Datozen belaunaldien etorkizuna bermatzeko, gure ingurunea zaintzen hasi behar dugu; eta ingurunea hobeto ezagutzeak maitatzera, eta beraz, zaintzera eramango gaitu. Izpiritu horrekin jartzen dugu abian BBK Mendi Martxak ekimena eta Bizkaiko familiak irteera horietan parte hartzera animatzen ditugu, eguneroko parajeak beste ikuspegi batetik ezagutuko baitituzte”.


Galdakao, Urduña, Zalla, Mungia eta Bilbon egingo dira hartarako jarduerak, honako eskemari jarraituta:

  1. Hitzaldiak, ingurune naturala zaintzeko ikerketaren eta konpromisoaren arloan lehen mailako hizlariekin.

     Irailaren 15ean, Odile Rodriguez de la Fuente etorriko da Galdakaora. Ingurumena zaintzeko kontzientziazioari buruzko dibulgatzaile zientifikoak ‘Clima de Cambio’ (Aldaketa Klima) hitzaldia eskainiko du Torrezabalen.

    Aurrez, uztailaren 22an, Jeronimo Lopez arituko da Urduñan. Geologia Zientzietako doktore, ikertzaile, alpinista eta Antartidan espezializatua den irakasleak ‘Hielo, Montañas y Cambio Climático’ (Izotza, Mendiak eta Klima Aldaketa) hitzaldia egingo du.
     
  2. Ingurumen ekintzak: Errekak edo eremu zehatzak garbitzea, haziak batzea eta espezie autoktonoak landatzea, boluntario taldeekin.

    Txaketolandako eremua eta Arantzileko errekaren ibilgua garbituko dira Galdakaon.

    Urduñan La Muerako aisialdi eremua garbitzen lagunduko dute; Zallan Bolunburu aldea; Mungian Butroe iaiaren ibilgua; eta, Pastorekortako igoerari lotutako ibilaldian, bertoko ehunka zuhaitz eta zuhaixka espezie landatuko dituzte Lurgaia Fundazioaren eskutik.
     
  3. Martxa herrikoiak hurbileko mendietara. Mendi irteera gidatuak izango dira, inklusiboak, dog-friendly erakoak ere bai, eta, igaro ostean, ingurunea garbiago eta zainduago utziko dutenak, martxa horietan Zero Hondakin bilketak egingo baitira.

    Galdakaon, Gangurenera egingo da irteera Santa Kurtz jaietan, irailaren 11n.

    Honakoak dira gainontzeko lekuetako datak: uztailaren 25ean, Urduñan, Txarlazora; urriaren 9an, Mungian, Tallura; urriaren 16an, Zallan, Ubietara; eta abenduaren 18an, Bilbon, Gangoiti-Pastorekorta zirkuitua.

Irteera horietan guztietan parte hartzea doakoa izango da, baina beharrezkoa da aurrez izena ematea mendi federazioaren webgunean: bmf-fvm.org.