Igo
  • 2021/05/19

Memoria gordetzeko deia egin dute Galdakao bonbardatu zuteneko 84. urteurrenean, antzekorik errepika ez dadin

Bere historia ahazten duena, errepikatzera kondenatua dago". Auschwitzeko sarreran dagoen esaldia ekarri du gogora Iņigo Hernando Galdakaoko alkateak, gaur, herriak duela 84 urte jasandako bonbardaketarik odoltsuena gogoratzeko ekitaldian. Xumea izan da ekitaldia, biktimei eskainia, eta 1937ko maiatzaren 19 hartako bonbardaketak hil zituen 16 herritarren senideak protagonista eta hartzaile nagusi izan dituena.

12:00etan hasi da oroimen ekitaldia, sirena hotsarekin. Duela 84 urte, Dinamitako sirenak ematen zien ezkutatzeko abisua herritarrei; sirena hotsak jakinarazten zuen hegazkin bonbardeatzaileak bazetozela. Soinu berak eman dio hasiera oroimen ekitaldiari eguerdian; nagusienei oraindik ere min ematen dien soinu gorrak.

Bonbardaketa hartan hildakoen izen-abizenek hautsi dute sirenaren osteko isiltasuna, biktima haien senideek bete duten plazan. Pandemia dela eta mugatua izan da, aurten ere, ekitaldia, eta biktimen senideak izan dira gehienak: egun hartan hildakoen senideak, udal talde guztietako ordezkari bana, Dinamitaren ondorengo den Maxam enpresako ordezkariak eta herriko memoria zaintzeko lanean urteak daramatzan Galdakao Gogora elkartekoak soilik izan dira gonbidatuak. Gainontzeko herritarrek, ekitaldia online jarraitzeko aukera izan dute.

Herriko musika eskolako Ainara Rua eta Nora Lopez irakasleek bibolinez eta biolontxeloz jotako pieza entzun da izen-abizen gordinen ondoren, eskaintza gisara. Joana Lasheras aurkezleak ekitaldiaren kokapena egin, eta Iņigo Hernando alkateak hartu du hitza. Gogoratu du maiatzaren 19koa ez zela izan frankistek Galdakaoren aurka 1937an egindako eraso bakarra eta guztira 40 herritar baino gehiago hil zituztela horietan. Euskal Herriko beste leku batzuetan bezala Galdakaok jasandako erasoek bertako familiengan arrasto sakona utzi duela aipatu, eta urteurrena gerturatu ahala berpizten den mina aitortu du, min eman arren gogoratzeko premia dagoela ohartarazteko: "Nor garen jakin eta ulertzeko, iraganean zer pasatu zen ondo ezagutu behar dugulako", esan du; "egun ezagutzen dugun Galdakao gaur gogoratzen dugun pasarte krudel honek ere eratzen baitu".

Oroitzeko eta ezagutzeko behar horretan kokatu ditu lurpean ezkutatuta zegoen Tximiolarreko babeslekua azalarazi izana eta gaurko oroimen ekitaldia bera ere alkateak. Are, Galdakaoko Udalak herriko memoria historikoan sakontzen jarraitzeko asmoa duela jakinarazi du, hartarako adostasunerako deia egitearekin batera.

"Ez dezagun gure historia ahaztu, ez ditzagun etorkizuneko belaunaldiak errepikapenera kondenatu", adierazi du alkateak. "Animatu nahi zaituztet gure memoria kolektiboa zaintzera, gizarte hobea lortu eta saretzeko. Gure nagusietatik hasita, gazteengana helduz. Zer litzateke ezagutzen dugun Galdakao, aurreko guztia existituko ez balitz? Sinpleki, ez zen Galdakao izango. Beraz, izan zirenengatik, garenongatik eta izango direnengatik, jarrai dezagun Galdakao oinarrietatik eraikitzen".

Gaur 84 urte Plazakoetxeko babeslekuaren ondora jaurtitako bonba batek hil zuen Moises Jugoren ilobak eta anaiak hartu dute hitza ondoren, biktimen senideen izenean. "Haurtzarorik gabeko haurtzaroa izan zen gurasoen belaunaldiarena. Hala esaten zuen aitak", kontatu du Itziar Jugo ilobak. Minean ez ezik, isiltasunean hazi zirela azaldu du, eta "isiluneen sakontasuna" sentitu duten arren, seguraski ez direla horren kontziente izan aitortu du aitaren sufrimendua gogora ekarrita. Eta hitz egiteko deia egin du; kontatu eta entzutekoa. Hautsak astindu, lurrak mugitu eta leihoak zabaltzekoa, "giltzaz itxitako kutxek gordetzen dutenari" aurrez aurre begiratzekoa. "Garen hau uler dezagun eta etorkizunean izan nahi duguna kontzienteki landu dezagun".

Enrique Jugo anaiak ere oroitzearen garrantzia, hitz egiteko premia eta halako ekitaldi publikoen bidez gertatutakoa aitortzeko beharra plazaratu du. "Ez oroitzeak oker batetara eramango gintuzke: gure herriko historiaren zati bat alboratzea, biktimengan, euren familiengan, herri oso batengan sufrimendu handia eragin zuen gertaera bazterrean uztea". Gernika, Durango eta Otxandio bezala, Galdakao ere bonbardaketa handi baten biktima izan zela gogoratu, eta eraso guzti haiei erreparatuta barneratu beharreko mezua adierazi du: "ez dadila errepikatu". "Zeren, Plazakoetxeko babeslekuak salbatu zuen Pedro beste anaiak esaten zuen bezala, gerrarekin ez dago zoriontasunik", amaitu du hitzaldia.

Bibolin doinuei jarraituz, Agurra dantzatu die senideei eta biktimak oroitzen dituen monolitoari Garazi Maesok, Andra Mari dantza taldeko dantzariak. Senideen ordezkari aritu diren biei lore sorta bana eman, eta horiek, monolitoaren ondoan jarri dituzte gero sortak; baita alkateak ere beste bat, herriaren ordezkari. Ondoren, ekitaldia jarraitzen aritu diren gainontzeko partaideek ere lorak eskaintzeko aukera izan dute, bibolin doinuen laguntzarekin.

Jarraian, Plazakoetxetik metro gutxira dagoen Tximiolarreko babeslekua ezagutzeko aukera izan dute senideek. Lurpean ezkutatuta zeunden babeslekurako bi sarrerak lokalizatu, lurpetik atera, eta ikusgarri jarri ditu Udalak. Gunearen nolakotasunak azaltzen dituen plaka ere jarri du. Beste inori baino lehen, bonbardaketako biktimen senideei erakutsi zaie gaur gunea, Ander Aperribai historialariaren azalpen eta guzti. Oraingoz, sarrerak dira atondu direnak, baina, aurrera begira, barrura sartzeko aukera egon dadila nahi du Udalak. Egin beharreko azterketa teknikoek posible dela adierazten badute, babeslekua barrutik ezagutzeko aukera gauzatuko du.