Igo
  • 2022/05/13

Memoria Astea egingo da maiatzaren 16tik 22ra, Galdakaoko Bonbardaketaren 85. urteurrenaren harira

Galdakaoko Udalak, Galdakao Gogora elkartearekin eta Aranzadi Zientzia elkartearekin batera Memoria Astea antolatu du maiatzaren 16tik 22ra bitarte. 

Aurten 85 urte betetzen dira abiazio faxistak gure herria bonbardatu zuela, horren harira,  “data esanguratsua” dela adierazi du Iñigo Hernando alkateak eta horregatik “garrantzia berezia” eman nahi izan zaiola urteurrenari. 

Memoria egitearen garrantzia azpimarratu du Iñigo Hernando alkateak: “Udaletik duela 85 urte gertatu zenarekin memoria ariketa sakona egin nahi da; beti esaten da egia, justizia eta erreparazioa bilatu behar direla, baina hori baino lehenago memoria egin behar da”.

Hauxe da prestatu den egitaraua:

  • Maiatzaren 16an, astelehenean: Erakusketaren aurkezpena egingo da Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa aretoan, 19:00etan. Erakusketa zabalik egongo da aste osoan zehar, igandera arte. 
     
  • Maiatzaren 17an, asteartean: Ione Zuloaga historialariaren hitzaldia (“Emakumeen aurkako errepresio frankista gerra garaian eta gerra ostean”) egongo da Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa aretoan, 19:00etan.

    Maiatzaren 19, ostegunean: Bonbardaketaren 85. urteurrena omenduko da ekitaldi batekin 12:00etan Plazakoetxen eta 19:00etan “1937: Udaberri bako urtea” dokumentalaren emanaldia egingo da Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa aretoan, 19:00etan. 

    -  Xabi Ealo kazetari galdakoztarraren dokumentala izango da eta egileak berak adierazi duenez, “memoria ariketa horretan laguntzeko balioko du”, eta gaineratu du “aditu eta testigantzetan oinarritutako kontakizuna” izango dela. 
     
  • Maiatzaren 20an, ostiralean: Bisita gidatua egingo da Herri Barneko Memoriaren Ibilbidetik, Kurtzeko plazan hasita 18:00etan. Horretarako bost panel berri jarri dira herrian zehar. 
     
  • Eta azkenik, maiatzaren 21ean, larunbatean: Bisita gidatua egingo da Burdinezko Hesitik, Kurtzeko plazan hasita 9:00etan.

Alkatea eskertuta agertu da Galdakao Gogora elkartearekin “egindako lanagatik” eta Galdakao Gogorako Edu Madinak ere eskerrak eman dizkio udalari. Ildo berdinetik mintzatu da Bego Larrea biktimen senitartekoen izenean. 

Azkenik alkateak berak eta udalak dei egiten diete galdakoztar guztiei ekitaldietan parte hartzera. 

 


Memoria Astea Galdakaon