Igo
  • 2022/06/14

Martxan da Non Bizi, Galdakaon etxebizitza premiari erantzuten laguntzeko zerbitzua

Etxebizitzaren inguruko informazioa eta aukerak biltzeko, Non Bizi webgunea jarri du martxan Udalak (nonbizi.eus). Aholkularitza zerbitzua ere abian du: alkolkularitza eman eta tramitazioetan laguntzen du Etxebizitzarako teknikariak, bai telefono bidez (94 401 05 29), bai emailez (vpablos@galdakao.eus), eta bai aurrez aurre (ostegunetan, lehenago hitzordua hartuta). 

“Gobernura iritsi ginenean ez zegoen etxebizitzarako udal politikarik, adreiluaren ikuspegiarena ez bada. Hori aldatzea lehentasuna zen guretzat eta etxebizitza politika ardatz gisa hartu genuen, herritarren premiei erantzuteko ardatz gisa”. Hala laburbildu du Iñigo Hernando alkateak etxebizitza alorrarerkiko duen ikuspuntua. “Horregatik sortu genuen Etxebizitzarako zinegotzi kargua, horregatik sortu dugu Etxebizitza Plana, eta hartu dugu teknikari bat herritarren etxebizitza premiari begira ari dena”.

Etxebizitza Planaren barruan, alokairu txikirako Ibarluzen eraikiko diren etxebizitzak aipatu ditu. “Eraikiko diren 60 etxebizitzetatik 3/4 herriko gazteentzat izango dira”, azaldu du alkateak. Bizitoki horiek oso merke alokatu ahal izango dira, bost urtez gehienez. “Emantzipatzeko aukera izango da gazteentzat”. Nerea Orozko Etxebizitza zinegotziak azaldu du 60 bizitoki horietatik 42 gela bakarrekoak izango direla eta 16k bi logela izango dituela. Azken horietara jo ahal izango dute premia egoeran dauden familia monoparentalek edo banaketen ondorioz sortzen diren egoera zailetan laguntza behar dutenek, esate baterako. Beste bi bizitoki mugikortasun arazoak dituzteei begira eraikiko dira. Ekainaren 30eko osoko bilkuran esleituko dira lanak, eta udaren ostean hasiko dira eraikitze obrak. 

Etxe hutsei begirako lan ildoa da beste lerro nagusietako bat. Orozkok adierazi duenez, etxe asko daude hutsik herrian; azken zenbaketaren arabera, 1.403. Aldi berean, alokaituzko etxebizitzarako eskaria oso handia da. Iaz, 600 eskaera zeuden Etxebiden. Hori kontuan hartuta, Alokabiderekin akordioa egin, eta etxebizitza hutsak alokairuan jar daitezen lanean ari da Udala. Hartarako hainbat etxe jabeekin harremanetan jarri da, gutun bidez. Etxebizitza arazoaren berri eman, eta Alokabide programaren nondik norakoa azaldu zaie. Orozkok gogoratu du programa horri esker instituzioen bermea dutela jabeek: hileroko alokairua Jaurlaritzak bermatuko duela, eta etxean kalterik balego, hori ere Jaurlaritzak ordainduko lukeela. Galdakaon hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratzeko bitartekaritza lanean jarraituko du Udalak, eta etxe hutsen jabeei dei egin die baliabide horiek erabilgarri jar ditzaten.

Gizarte larrialdietarako etxebizitzena da beste lan ildo bat. “Heldu ginenean, larrialdietarako 13 etxebizitza zeuden, eta hutsik zeuden; erabat hutsik, zentzu guztietan: ez zuten ez altzaririk, ez sukalderik… ez zeuden erabilgarri”, azaldu du zinegotziak. Udal honek egokitu egin ditu, bizigarri izateko prestatu ditu, eta larrialdi egoeretarako erabiltzen ari dira etxebizitza horiek (dela etxe kaleratzeengatik, dela suteak baten eraginez kalean geratu diren eta baliabide ekonomikorik ez duten herritarrei babes emateko, adibidez).

Atal horietako bakoitzean dauden aukerak, baliabideak eta informazioa herritarren eskura jartzeko, Non Bizi webgunea jarri du martxan Udalak. Aipatutako alor horien inguruko informazioa jasotzen da bertan, besteak beste. ‘Erreabilitazioak’ atala ez dago oraindik erabilgarri, instituzioek eraginkortasun energetiko hobetzeko emango dituzten laguntzak argitaratu zain baitako. Halako laguntzen berri emango da atal horretan. Garajeen atala ere aurrerago izango da baliagarri. Udal jabetzakoak diren lurrazpiko garajeetako aparkalekuak alokairuan banatu ditu Udalak. Aurrera begira, aparkalekuak hutsik geratu ahala, horien berri zuzenean ematea eta aparkaleku horien kokalekua zein barruko irudia erakustea da asmoa, mugimendua etengabea izan dadin eta eskari-eskaintzak uztartuta, lurpeko aparkalekuak erabili daitezen. 

Webguneko informazioaz gain, etxebizitza alorreko teknikariak zuzenean artatzen ditu herritarrak edozein zalantza argitzeko prest. Telefono bidez jaso daiteke aholkularitza edota tramitazioak egiteko laguntza (94 401 05 29 zenbakira deituta), eta baita aurrez aurre ere, ostegunero ematen den zerbitzuan (hitzordua eskatu behar da aurretik). 

Aurrera begira, hasitako bidean sakondu eta urratsak egiten jarraitzeko asmoa du Udalak.