Igo
  • 2020/01/31

Martxan da gobernu planeko 100 neurrien jarraipena egiteko webgunea

Martxan dago www.galdakaodenontzat.eus ataria; gobernu plana ezagutu eta proiektu bakoitzaren egoeraren jarraipena egiteko aukera emango duen webgunea.


Udal gobernuak aurreko astean aurkeztu zuen datozen hiru urte eta erdirako prestatu duen plana. Legealdian zehar gauzatuko dituen proiektuen bilduma da, aldi horretan egin beharrekoen bide orria. Ehun egitasmo zehatzek osatzen dute. Jendaurreko aurkezpen orokorrean planaren nondik norakoen berri eman zen aurreko asteko ostegunean. Bertan iragarri bezala, jarraipenerako webgunea martxan jarri dugu gaur.


Modu orokorrean aurkeztutako planaren neurri bakoitza banan banan azalduta jasotzen du wegbuneak, eta, horietako bakoitzean klikatu ezkero, proiektu bakoitza zein egoeratan dagoen ikusi ahal izango da; lanak hasteko dauden oraindik, hasi diren edo amaituta dauden. Oraingoz egitasmo bakoitzari buruzko zertzeladak ikusi ahalko dira dagokion argazki bakoitzean klikatuta, eta datorren astean aktibatuko da kolore bidez egoeraren berri emango duen sistema. Agindutakoen betetze mailaren jarraipena egiteko aukera emango zaie horrela herritarrei, gardentasunerako ariketa argi batean.


Horrez gain, helburu orokorrak eta planaren proiektu zehatz bakoitzaren azalpena jasotzen duen aldizkaria etxean jasoko dute galdakoztar guztiek datorren astean.