Igo
  • 2019/10/24

Martxan da Galdakaoko Berbalagun ikasturte berria

Hamalaugarren ikasturtea hasiko du Galdakaoko Berbalagunek, zazpigarrena Basaurikoak. Berbalagun programak euskaraz bizi nahi duten horiei, bizitza bere osotasunean euskaraz egiteko pausuak ematen laguntzen die. Izan ere, euskaldun berriei ikasitakoa praktikara eroateko zubi lana bikaina izateaz gain, euskaraz bizi nahi duten euskaldun osoei euren ingurua euskalduntzen laguntzeko lanabes ezin hobea da.


Galdakao eta Basauriko udalek, udal euskaltegiek, AEK-k eta ,Basauriren kasuan,Hizkuntz Eskolak bat egin zuten, proiektuari bide egokia eman nahian. Euskaldun osoak eta euskaldun berriak elkartuz, sare euskalduna josteari ekin zioten aspaldi, eta gure herrietan modu naturalean euskaraz arlo guztietan bizi arte josten segituko dute.


ZENBAIT DATU


Datuak begiratuta, Galdakao eta Basauriko Berbalagun proiektuetatik 600 lagun inguru ibili dira urte hauetan guztietan. Azken ikasturtean (2018-19) 240 lagun ibili ziren 33 berbataldetan banatuta, 6-8 pertsonak osatutakoak.


Talde hauek jadanik martxan daude,hots, elkartzen hasi dira, eta berbalagun-kanpainia hasi baino ez denez egin, iazko datuak hobetzea aurreikusten du, egitasmoaren goranzko joera dela eta. Aipatu behar da talde arruntez gain, hau da, tabernetan geratzen diren taldeez gain, interes taldeak ere badaudela,hala nola: mendi taldea, jostun taldea, euskal dantza taldea, txalaparta taldea, bizkaiera lantzeko taldea eta paseo taldea eta irakurketa taldea.


Berbalagunen perfila anitza da: ikasleak, langileak, langabetuak, jubilatuak, gazteak, helduak... Iazko kiderik gazteenak 20 urte zituen; zaharrenak,ordea, 92. Sexuari dagokionez, Berbalagunen %75 emakumezkoa da eta %25, gizonezkoa.


Programa hau doakoa da eta horrezaz gain zenbait abantaila ere baditu: argitalpen desberdinetan zenbait beherapen ( Argia, Aizu!, Gaztezulo, Berria...), Gainera, aurten ere Galdakaoko eta Basauriko udalek euskarazko emanaldietan sarrerak utziko dituzte Berbalagunen esku, partaideen artean zozketatzeko


AURTENGO ERRONKAK


1) Partaide kopuruak gora egitea. Horretarako ezinbestekoa da euskara praktikatu nahi duen jendeak izena ematea eta jende horri astero ordubetez laguntzeko prest dagoen euskaltzaleak aurkitzea.


2) Herriko taldeekin elkarlana sustatu eta ekintza bateraturen bat antolatu. Baita Basauri eta Galdakaoko egitasmo biek ekintzak batera koordinatzea


3) Gurasolagunek iazko dinamikarekin jarraitzea. Seme-alabekin euskaraz bizitzen laguntzeko taldeak dira. Galdakaon duela bi urte martxan jartzea lortu genuen, iaz Basaurin eta Usansolon. Aurtengo helburua ditugun taldeetara jende gehiago hurbiltzea da eta baita ludoteka eta guraso elkarteekiko harremanak indartzea


5) Ekintza osagarrien kantitate eta kalitatea bermatzen segitzea. Partaideek parte har dezaten antolatzen ditugun ekintzak dira: piragua irteera,barreterapia, arropa birziklatzeko tailerra, garagardo dastaketa, talo tailerra...


IZENA EMATEKO ARRAZOI ETA MOTIBAZIOAK:


✅ Lantokian, etxean edo koadrilan euskaraz hitz egiteko ohitura falta dago eta euskaraz hitz egin nahi dute.


✅ Guraso izan berritan umearekin euskaraz aritu nahi dute.


✅ Galdutako euskara berreskuratu nahi dute.


✅ Azterketa ofizial baterako ahozko proba prestatu nahi dute.


✅ Euskaltzaleak dira, eta ez dakitenei lagundu nahi diete


EGITASMOAREN KUDEAKETA


Egitasmoa kudeatzeko batetik, Galdakaoko Udala, Galdakaoko AEK eta Galdakaoko Udal Euskaltegia, eta bestetik, Basauriko Udala, Basauriko AEK, Basauriko Udal Euskaltegia eta Basauriko Hizkuntza Eskola aritzen dira lankidetzan. Hiru eta lau eragile horietako ordezkariak hiru hilerik behin biltzen dira Jarraipen Batzordean, egitasmoaren nondik norakoak (taldeak, agenda...) aztertzeko.


Berbalagun Hego-Uribeko Euskararen Agenda osatzeaz arduratzen da. Agenda honetan, herriko eragileek euskara hutsean sortzen dituzten ekimenak agertzen dira: hitzaldiak, tailerrak, antzezlanak, kontzertuak, bisita gidatuak... Agenda berbalagun guztiei heltzen zaie, taldeetatik kanpo ere euskaraz bizitzen laguntzeko. Sare sozialak eta bloga ere erabiltzen ditugu agendaren eta egiten ditugun ekintzen informazioa zabaltzeko.


Bukatzeko, hiru puntu nabarmendu nahi ditugu:


1)  Malgutasuna izena emateko epean. Taldeak martxan daude, baina orain ezin duenak aurrerago ere izena eman dezake, eta egitasmo aberats honetako partaide izan daitekeela.


2) Talde batean baino gehiagotan aritzeko aukera ere badago. Txandaka lan egiten duen jendearentzat aproposa, baita astero ordubeterekin asetzen ez denarentzat ere


3) Proiektu honetan parte hartzea erabat dohainik da, baina euskaraz elkarrizketa bat mantentzeko kapaz izatea eskatuko zaio jendeari, hau da, hitz egiteko zailtasunak dituen jendeari lagunduko diogu, baina taldera ezin da entzule joan


.📢 HURRENGO EKINTZAK GALDAKAON:


📅 Azaroaren 4an, 17:00etan, Gurasolagun proiektuaren inguruko aurkezpena Gandasegin


📅 Azaroaren 7an, 19:00etan, Berbalagun aurkezpen jaia Galdakaon, Topa Tabernan


📅 Abenduaren 3an, Mintzodromoa Galdakaoko Torrezabal kultur etxean


ℹ️ INFORMAZIO GEHIAGO:


Izena emateko edo agenda e-postaz jasotzeko: 607 146 855 l galdakao_berba@aek.eus hegouribe@aek.eus l  hegouribe@blogspot.com