Igo
  • 2020/09/29

Martxan da 2021eko udal aurrekontuetako milioi bat euro nora bideratu proposatu eta erabakitzeko prozesu parte hartzailea

Martxan da aurrekontu parte hartzaileen prozesua: galdakoztarrek udal aurrekontuetatik milioi bat euro nora bideratu erabakiko dute; eurek egindako proposamenen artean zeintzuk egikaritu aukeratuko dute, hilabetez luzatuko den prozesuan. Informazio batzarrak egiten ari dira egunotan. Proposamenak batzar horietan, udalerriko hainbat gunetan jarriko diren hautetsontzietan zein internet bidez egin ahalko dituzte galdakoztarrek urriaren 5 arte, eta galbahe teknikoa gainditzen duten proposamenen artean aukeratuko dute ondoren herritarrek, botoa emanda. Aukeratutako proiektuak zeintzuk diren urriaren 29an jakingo dela aurreikusten da.


Galdakaoko Udalak iaz abiatu zuen herritarrek udalgintzan parte har dezatela sustatzeko prozesu parte hartzailea. Arrakastatsua izan zen lehen saioa, eta iaz abiatutako bidean sakondu nahi du aurten. Hori dela eta, pandemiak eragindako egoeraz gain, iazko diru kopuruari etsi dio udalak eta prozesua hobetzeko berrikuntzak txertatu ditu. Helburua argia da: herritarren eta administrazioaren arteko elkarlana sustatzea; herritarren behar eta eskaerei erantzutea gobernantza eredu berri batekin; aukera berdintasunean, orekan eta gardentasunean aurrera egitea; eta halakoetan parte hartzea zailen egiten zaien pertsona taldeak ere barnebiltzea udalgintzan. Finean, guztion artean Galdakao hobe bat egitea.


Herritarren artean hausnarketa aktiboa, elkartasuna eta elkarlana sustatzea lortu nahi du udalak egitasmoaren bidez, eta, begirada berriak txertatuta parte hartzea sakontzeko helburuz, hainbat berrikuntza izango ditu aurtengo prozesuak: batetik, genero ikuspegia txertatuko da. Bestetik, auzo guztiek ahotsa izan dezaten indar berezia egingo da, nork bere beharren berri eman dezan eta elkarlanaren bidez herri sentimendua indartu dadin. Gaztetxoen begirada jasotzeko apustua ere egin du aurten udalak, eta 16 urtetik beherakoek euren ekarpenak eta proposamenak pentsatu eta proposatzeko bidea zabaldu du, talde dinamizatzailearen laguntzarekin.


Hain zuzen, ariketa ahalik eta horizontalena izan dadin, prozesuaren beraren diseinua eta dinamizazioa ere herritarren esku utzi da. 23 herritarrek aurkeztu zuten bere burua hasieran lan horretan laguntzeko, eta, sei ari dira horien izenean, udaleko zinegotzi eta teknikariekin batera. Udalak zinez eskertu nahi die egiten ari diren lana.


Ahalik eta eskaera gehien gauzatzeko aukera egon dadin, 200.000 eurotik beherako balioa duten proposamenak soilik onartuko dira. Beste berrikuntzetako bat da hori. Bestetik, gaztetxoen ahotsa ez ezik, bazterrean egon ohi diren beste kolektibo batzuena jasotzeko ahalegina egin du udalak. Adibidez, gurekin bizi diren eta beste kultura batzuetatik datozen migratzaileei gutuna igorri die, prozesuaren berri lau hizkuntzatan emanaz.


Teknologia berrien aldeko apustua ere egin da aurten. Proposamenak modu tradizionalean aurkezteko zein bozkatzeko aukera egongo da: udaletxean, Urretako kiroldegian, Txapelenan, eta BITSI eta Bengoetxeko auzo elkarteen lokaletan. Baita internet bidez ere aurten, udalaren webgunea erabilita. Horrez gain, gaur Torrezabalen eta bihar Aperribain egingo diren asanbladak online ere jarraitu ahal izango dira. Gaurko batzarra lotura honetan ikusi ahalko da: https://zoom.us/j/94145634971pwd=QnN1R1Z3T3hLam9OSG1ySmV1SGxjUT09


Kontziliazioa batzarretara joateko arazo izan ez dadin, haurtzaindegi zerbitzua egongo da bi asanblada horietan. Lehen asanblada atzo egin zen Usansolon.


Hona hemen prozesuaren egutegia laburbilduta:


📅 Irailak 29, asteartea, 19:00etan, asanblada Torrezabalen. Informazioa bildu eta proposamenak lantzeko tailerra egingo da. (Urtebieta, Zuatzaurre, Aranzelai, Elexalde, Kurtzea, Egia, Zuatzu eta San Ignazioko auzokideentzat). Online, https://zoom.us/j/94145634971?pwd=QnN1R1Z3T3hLam9OSG1ySmV1SGxjUT09 loturan.


📅 Irailak 30, asteazkena, 19:00etan Aperribain asanblada egingo da informazioa eman eta proposamenak lantzeko tailerra egiteko (Olabarrieta, Txistulanda, Aperribai, Bengoetxe eta Santa Barbarako auzokideentzat). Online ere bai.


📅 Urriaren 5a arte proposamenak batzeko hautetsontziak udaletxean, Torrezabalen, Urretako kiroldegian, Txapelenan eta BITSI eta Bengoetxeko auzo elkarteen lokaletan. www.galdakao.eus webgunean ere bai, Parte hartu aurrekontuetan atalean.


📅 Urriaren 6tik 18ra: udaleko teknikariek proposamen bakoitzaren balorazio teknikoa egingo dute; ea egingarriak diren aztertuko dute.


📅 Urriaren 19an jakinaraziko da zein proposamenek gainditu duten balorazio teknikoaren galbahea. Torrezabalen aurkeztuko dira proposamen horiek.


📅 Urriaren 20tik 26ra: botaketa. Proposamenen artean aukeratuko da, bozketa bidez. Hautetsontziak udaletxean, Torrezabalen, Urretako kiroldegian, Txapelenan eta BITSI eta Bengoetxeko auzo elkarteen lokaletan egongo dira. www.galdakao.eus webgunean ere eman ahalko da botoa, Parte hartu aurrekontuetan atalean.


📅 Urriaren 29a. Botaketaren emaitzen berri emango da eta zein proposamen aukeratu diren jakingo da. 2021eko udal aurrekontuetan jaso eta gauzatuko diren proposamenak aurkeztuko dira udaletxean.


Prozesuak aurrera egin dezan lanean eta laguntza ematen ari diren pertsona eta elkarte guztiei eskerrak eman nahi dizkie Galdakaoko Udalak, eta herrigintzan parte hartzeko gonbita egiten die herritar guztiei.