Igo
  • 2018/02/26

Martia hogei ekintzaz beteko da Galdakaon Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Galdakaoko udalaren Berdintasun Arloak martia edukiz beteko dau hogei bat ekintzagaz, "Martxoak 8-Emakumeen Nazioarteko Eguna" ospatzeko. Ekintzak azken osoko bilkuran hasi ziran, adierazpen instituzionala plazatuz. Bertan azpimarra jarri zan "emakumeen lanaren zati bat ez dala ikusten eta ez dauela kontatzen".


Begoña Ormaetxe, Arloko zinegotziak, 12.000 euroko inbertsinoa izango dauen programaren edukia aurkeztu dau. "Aurreko urteetan egin dan lez, 3 pelikula emongo dira "Emakumeak zineman" ziklo barruan: La librería, La batalla de los sexos eta Marie Curie. Jarduerak honetan urtez urte txartel guztiak agortzen dira Torrezabalen, emanaldi bakotxean 400 persona inguru alkartuz".


AZTIAK antzerki-alkarteak "Las herederas" antzezlana taularatuko dau, Aperribaiko Eperlandako Eskoletan, Unkina-Meatzetako Eskoletan eta Torrezabal Kultur Etxean. Ondoren luntxa eta dantzaldia egongo da Basandere eta Mirari alkarteek antolatuta, Udalaren laguntzaz.


Era berean, hitzaldiak egongo dira, Erabide, Erlantza eta Mirari alkarteek antolaturik.


Maxam Fundazioagaz alkarlanean, Torrezabal Kultur Etxean, "Emakume dinamitariak" izeneko argazki-erakusketa egongo da, eta martiaren 21ean, 19:00etan, Emakume Dinamitarien plaza inauguratuko da, Lapurdi, Bernat Etxepare, Bizkai eta Zamakoa kale artean dagoana.


Ormaetxek azpimarratu dauenez, "proposamen hau aho batez onartu zan otsailaren 22ko udalbatzaren osoko bilkuran. Parte-hartze prozesu baten bitartez, emakumeek egindako ekarpenak batu ziran, gure udalerriko historia emakume horien bitartez ikusgarri bihurtzeko. Lau izen aukeratu ziran agintaldi politiko honetan Galdakaoko kale edo plazetan erabiliak izan daitezen".


Martiaren 15ean, Berdintasun Sariaren bigarren edizinoko sari-banaketa egingo da. Proposamenak Udalaren web-orriaren bitartez egin leiz martiaren 2ra arte. Ondoren, martiaren 6an, Epaimahaiak saria merezidu izan dauen persona fisiko edo juridikoa zein dan erabagiko dau. Ekitaldi hau Torrezabal Kultur Etxean izango da martiaren 15ean, 19:00etan.


Azkenik, Erabide eta Galdakao Gogora Alkarteek, Berdintaswun Arloagaz batera, kalejira bat antolatzen dabilz martiaren 10erako. Plazakoetxen hasita, 12:00etan, puntu "sinboliko" batzuk markatzen joango dira, eskulanakaz apainduz eta emakumeen memoria historikoaren aspekturen bat omenduz, euren historia "Emakumeen memoria berreraikiz" izenagaz ikusgarri bihurtuz.