Igo
  • 2021/07/09

Lurrazpiko parkingetan hutsik dauden 289 aparkaleku alokairuan jarriko ditu Udalak, hilean 30 euroan; asteartetik jasoko dira eskaerak

Lurrazpiko bost parking publiko ditu Galdakaok, eta 40 urteko kontzesioan eman izan dira beti; aukera desegokia eta garestia herritar askorentzat, urtetan hutsik dauden aparkaleku ugariek erakusten dutenez. Bien bitartean, aparkatzea arazo bihurtuta dago udalerrian eta arazo hori konpontzeko eskaerak urterik urte errepikatzen dira. Konponbide baten berri eman du gaur Udalak: lurrazpiko parkingetan hutsik dauden 289 aparkalekuak alokairuan ipiniko ditu, herritarrentzat eskuragarri den prezioan: hilean 30 euroan. Uztailaren 13tik 30era bitartean egin ahalko dira eskaerak Esan-en bulegoan zein egoitza elektroniko bidez (BAKQ, NAN elektronikoa edo Izenpe)


Honakoak dira parking bakoitzean banatuko diren plaza kopurua:


✅ Paopa (Urreta): 127 -horietatik 4 mugikortasun urriko pertsonentzat-


Lapurdi: 75 -horietatik 4 mugikortasun urriko pertsonentzat-


Laminarrieta (Usansolo): 49


Iturrondo: 26 Ž-horietatikŽ 3 mugikortasun urriko pertsonentzat-


✅ Berezikoetxe: 12 -horietatik 1 mugikortasun urriko pertsonentzat-


Horrenbestez, guztira 289 aparkaleku jarriko dira alokairuan, eta horietatik 12 mugikortasun urriko pertsonentzat gordeta egongo dira. Udalerrian bizi diren herritarrek lehentasun osoa izango dute, baina bertan lan egiten dutenek ere eskatu ahalko dute lekua; Galdakaon erroldatutako eskatzaile guztiek aparkalekua eskuratuta plazak geratuko balira, udalerrian lan egin duten eskatzaileen artean banatuko lirateke leku horiek.


Eskaera orriak uztailan bete eta aurkeztu beharko dira, eta irailean aurreikusten da aparkalekuak banatzea. Guztientzat lekua egongo balitz zuzenean egingo litzateke banaketa, eta plaza baino eskatzaile gehiago baleude, zozketa bidez erabakiko litzateke nori eman. Herritar bakoitzak parking bat aukeratu behar du eskaera egiten duenean, eta, leku baino eskatzaile gehiago dauden parkingetan zozketa egingo da.


Hortik aurrera, eskatzaileen erregistro bat osatuko da, eta, aurrerantzean aparkalekuak libre geratuko balira, izen eman duten pertsona horien artean banatuko lirateke plaza horiek. Lau urte barru, aparkalekuak berriro zozketatzen direnean, erregistro horretan geratu diren pertsonek lehentasuna izango dute.


Alokairuak urtebetekoak izango dira, gehienez beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin, eta ordainketak sei hilabetero egingo dira; urtean, 180 euroko bi ordainketa. Komunitateko gastuak aparte ordaindu beharko dizkio erabiltzaile bakoitzak dagokion parkingari.


Aparkalekua eskatzeko izen emate epea asteartean zabalduko da (uztailaren 13an), eta uztailaren 30a arte egongo da zabalik. Herritarren arretarako Esan zerbitzuan egin daitezke eskaerak, aurrez hitzordua eskatuta (www.galdakao.eus webgunean 'Aurretiko hitzordua' bannerrean sartuta edo 94 401 05 00 zenbakira deituta.). Egoitza elektroniko bidez ere egin daiteke eskaera (BAKQ, NAN elektronikoa zein Izenperen bidez).


Aparkalekuen inguruan orain arte gailendu den eredu aldaketarekin, herritar gehiagok izango dute ibilgailua lurpean uzteko lekua eta autoak kaletik aterako dira. Horrenbestez, onuragarria izango da bai plaza eskuratzen dutenentzat bai gainontzeko herritarrentzat, eta baita ingurumenarentzat ere. Urratsa izango da herri atseginago baten bidean, auto gutxiago ibiliko baitira herrian aparkaleku bila, eta kaleak libreago egongo baitira. Horrela, Gobernu Planaren beste neurri bat egikarituko da: 21. puntua.


Iņigo Hernando alkateak, Javier Ibarretxe Ondare zinegotziak eta Leire Sologaistua Udaleko Ondare arloko arduradunak prentsaurrekoa eginda eman dute erabakiaren berri, eta izen emateko deia egin diete aparkaleku beharra duten herritarrei.


Informazioa, baldintzak eta eskaera orria Udalaren webgunean eskuratu daitezke (www.galdakao.eus), "Aparkalekuen eskaera" izeneko bannerrean, edo https://www.galdakao.eus/descargas/1000001/21222 loturan.