Igo
  • 2019/11/04

Ludoteka berriak ezagutzeko ate irekiak izango dira ostegunean Berezikoetxen

Hainbat arazo direla eta nahi baino beranduago bada ere, zabaldu dituzte Galdakaoko udal ludotekak. Joan zen astelehenean ireki zituzten ateak Berezikoetxeko, Urretako eta Aperribaiko ludotekek. Usansolokoa, irailetik dago martxan.

Aisialdiari jolas giroan eta giro euskaldunean probetxu ateratazea da ludoteken helburu nagusia, eta bi modutan garatzen dira jarduerak hartarako: batetik, jolas librerako guneetan nork bere kasa landuko du jolasa ludotekan jolaserako eta didaktikarako dagoen materialarekin. Bestetik, hezitzaileek programatu eta zuzendutako jarduerak ere egongo dira: eskulanak, irakurzaletasuna lantzeko tailerrak, joko tradizionalak, kirol jarduerak, gorputz adierazpena, animazio jokoak... Hori guzti hori, gurasoen parte hartzearekin landuko da.

Urretan, Berezikoetxen eta Aperribain aurreko astelehenean zabaldu zituzten ateak ludotekek; lehen biak, erabat berriak. Urretakoa, 16:30etik 19:30era egongo da irekita, eta Berezikoetxekoa, Aperribaikoa eta Usansolokoa, 17:00etatik 20:00ak arte. Aperribairen kasuan, eskolan kokatuko da ludoteka denboraldi batez, hainbat arazo konpondu bitartean.

Datorren urtean, gainera, beste auzo batera zabalduko da haurrentzako eskaintza, Bengoetxek ere izango baitu ludoteka zerbitzua.

Edozein udal ludotekatan izena emateko, horien lokalak irekita daudenean bertara joan eta izen-emate orria betetzea besterik ez dago; horrekin batera, haurraren txartel neurriko argazki bat aurkeztu beharko da.

Hala ere, gurasoek eta haurrek doako udal ludetekak eta horien funtzionamendua hobeto ezagutzeko aukera izan dezaten, ate irekiak izango dira ostegunean Berezikoetxeko ludotekan, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Interesa duten guztiei bertaratzeko deia egiten die Galdakaoko Udalak.

Bestalde, Galdakaoko Udalak jakinarazi nahi du Aperribaiko Gazte Topagunea ere martxan dagoela aurreko astetik; kasu horretan, Basandereko lokaletan. Oraingoz bertan egongo da gaztetxoentzako Topagunea, ostegun, ostiral eta larunbat arratsaldeetan.

Ordutegiak:

Berezikoetxe, Aperribai eta Usansoloko ludotekak:

Astelehenetik ostiralera
17:00-18:30. Txikien txanda (3-6 urte)
18:30-20:00. Nagusien txanda (7-11 urte)


Urretako ludoteka:
Astelehenetik ostiralera
16:30-18:00. Txikien txanda (3-6 urte)
18:00-19:30. Nagusien txanda (7-11 urte

Aperribaiko Topagunea
:
Ostegun, ostiral eta larunbatetan
17:00-20:00 (Oraingoz, Basandereko lokaletan)