Igo
  • 2020/11/26

Lorezaintzarako kontratazioa onartu du udalak, lau urterako

Telematikoki egin den osoko bilkuran onartu da lorezaintzarako kontratua. Baita ere garbiketarako zerbitzuan moldaketa bat egitea eta musika eskolako zein euskaltegiko langileei soldata  igotzea. Aho batez hartu dira erabaki guztiak.


Honakoak dira Galdakaoko Udalak azaroko osoko bilkuran zinegotzi guztien babesarekin hartu dituen erabakiak:


1️⃣Parkeak, lorategiak, estratetako alboko ezpondak eta zuhaiztiak kontserbatzeko eta beraien mantentze integrala egiteko zerbitzuen kontratuaren esleipena onartzea.


Lorezaintzarako zerbitzua kontratatu da, lau urterako. Enviser Servicios Medioambientales S.A.U. enpresari esleitu zaio, urteko 1.156.061 euroko aurrekontuarekin. Zerbitzu berriak emango ditu enpresak: denboraldiko loreak, ur kontagailua eta bestelako lan bereziak.


2️⃣Kaleak garbitzeko zerbitzuaren kontratua lagatzeari buruzko irizpena.


Kale garbiketarako zerbitzua bi enpresen artean banatuta egon da orain arte: Cespa enpresak zerbitzuen %80 egiten zuen orain arte, eta Ansareok %20. Ansareoren zatia ere Cesparen esku uztea onartu du osoko bilkurak, bi aldeek hala adostu baitute eta ez baitio kalterik eraginko zerbitzuari.


3️⃣Musika eskolako eta udal euskaltegiko langileen 2020ko soldaten igoerari buruzko irizpenak.


Erakunde autonomoetako beharginen soldata %2 igotzea onartu da. Udal langileei egin zaien igoera bera aplikatuko zaie musika eskolako eta udal euskaltegiko langileei.


Bestetik, galdera eta eskaeren txandan, EH Bilduko Nerea Orozko zinegotziak Mendebaldeko Saharako su-etenaren amaieraren aurrean Saharako herriarekiko babesa adierazteko Saharar Ordezkaritzak proposatu duen manifestua irakurri du saioaren amaieran, EAJ, EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemosen babesarekin.


Galdera eta eskaeren tarte berean, EAJko ordezkari Ainhoa Agirregoikoa eta Koldo Goioagak zerbitzuen munizipalizazioaren inguruan eta Kurtzeko plazako aparkalekuaren inguruan galdetu dute, eta atxiki gabeko Miguel Angel Martinek lanzaderaren inguruko informazioa idatziz eskatzeko eta bulego bat eskatzeko erabili du txanda.