Igo
  • 2022/01/13

Lizitazio bidezko 43 kontratu egin ditu Udalak 2021ean; ohi baino gehiago, pandemiaz gain

Ez da ohikoa, eta tendentzia aldaketa bat erakusten du: Covid-19ak erabat baldintzatutako urteak izan arren, kontratu asko esleitu ditu Galdakaoko Udalak; herrian alor eta mota guztietako lanak egin eta zerbitzuak ematea ahalbidetu duten 43 kontratu. Horren balioaz ohartzeko, zenbakiei begiratu besterik ez dago: 2021ean lizitazio bidezko 43 kontratazio egin ziren; 2020an 24 izan ziren, alarma egoerak aktibitatea hainbat hilabetez geldiarazita izan zuen arren; 2019an, hauteskunde eta gobernu aldaketa izan zen urtean, 17 kontratazio egin ziren; eta urtebete lehenago, 25 kontratu esleitu ziren. 2017. urtekoak, 5 daude erregistratuta. 

Urte berria ere indartsu hasi du Galdakaoko Udalak, 2022ak emango duenaren iragarle, lau lizitazio zabalik baitaude uneotan: Elexaldeko igerilekuetako tabernako obrei dagokiena, Urretako kiroldegia handitzeko proiektuarena, Unkina kiroldegiaren sarbidea termikoki hobetzeko lanena, eta Olabarriko pasabidearen konponketari dagokiona.

Iaz lizitatu ziren lan eta zerbitzuei dagokienean, kontratatutako lan batzuk iaz bertan gauzatu ziren, zenbait zerbitzuk denboran iraungo dute, eta beste lan batzuk aurten gauzatuko dira. Horien artean aipagarriak dira, esaterako:

  • Emakumeentzako laguntza psikologikoa hobetuko duen kontratua
  • Bost ludoteka euskaraz diseinatu eta martxan jartzekoa
  • Kontsumo energetikoa neurtu eta kudeatzekoa
  • Hainbat hirigune eta landa bide asfaltatzeko lanei dagokiena
  • Udalaren zenbait zerbitzu emango dituen kutxazain moduko makinarena
  • Argiteria publikoaren mantentze eta konpontze lanetarakoa
  • Lapurdi eta Ganekogorta kaleak urbanitzatzeko lanei dagokiena
  • Unkina pilotalekuko zorua konpontzeko lanena
  • Sormene sorkuntzen Galdakaoko plaza antolatzeko kontratua
  • Kaiola festibala antolatzekoa
  • Aperribaiko eta Urretatik Tximiolarrerako igogailuen exekuziorako obrak
  • Beharra duten galdakoztarrei laneratzen eta gizarteratzen laguntzeko programa egiteko zerbitzua
  • Hondakinen lurrazpiko bilketa pneumatikorako mantentze lanak eta hoditeria sistema berri bat jartzeko kontratua
  • Fray Ignacio kalean sare pneumatikoko postontziak ipintzea
  • Lekubasoko atsedenlekua berreskuratzeko obrak
  • Usansoloko liburutegiko leihoak berritzeko lanak, eraginkortasun energetikoa hobetzeko
  • Egia LHI ikastetxeko teilatua aldatzeko obrak
  • Galdakaoko gizarte zerbitzuen erabiltzaileei lege aholkularitza emateko zerbitzua
  • Euskarazko hiri udalekuen antolaketa, kudeaketa eta gauzatzea
  • Galdakaoko memoria historikoa eta oraintsukoa ikertzeko kontratua
  • Haurren jolasguneetarako inbertsioak
  • -Markesinak jartzeko obrak
  • Komun publikoaren hornidura eta instalazioa

Horiez gain, beste dozenaka kontratu txiki bideratu ditu Udalak 2021ean (hau da, gehienez 15.000 euroko kostua duten zerbitzu eta hornidura kontratutak eta gehienez 40.000 euroko obrenak). Horien artean daude, esate baterako, Urreta kiroldegirako gimnasio makina berrien erosketa; kiroldegi bereko klimatizazio sistemaren konponketa; Plazakoetxeko kalistenia eremua; Aperribai, Olabarrieta, Bengoetxe eta Zuatzaurre artean bidegorria eraikitzeko obra proiektua; Usansolorako skatepark proiektua; lan eta sexu jazarpenen inguruko ikastaroa; generoaren inguruko lege aholkularitza eta formazio juridikoa; Etxebarrira iritsiko litzatekeen Metrorako lanzadera zerbitzuaren bideragarritasunari buruzko azterketa; bide publikoan abandonatutako ibilgailuak erretiratzea; Bilbo kaleko mural artistikoa margotzea; hainbat emankizun eta ikuskizun kontratatzea; Kulturplazako programaren muntaketa eszenikoa; babestu beharreko ondarearen katalogoa eguneratzea; edota Galdakaoko haurren kontseilua diseinatzea.

Herrian lanak gauzatu daitezen eta eman beharreko zerbitzuak eman daitezen, ezinbestekoa da lan horiek kontratatzea eta kudeatzea, eta horretan indar egiten ari da Galdakaoko Udala, eraginkorrago izateko helburuz. Bide horretan aurrera egiten ari dela eta, Udalak eskerrak eman nahi dizkie hori posible egiten duten udal langile guztiei. 

Era berean, gardentasunez jardun eta informazioa herritarrentzat eskuragarri jartzeko helburuz, kontratu guztiei buruzko informazioa Udalaren webgunean ikus daitekeela jakinarazten da. Horietako bakoitzaren ezaugarri, datu eta kostuak, www.galdakao.eus atariko “Lizitazioak-Kontratugilearen profila” bannerrean sartuta ikus daitezke, edo www.galdakao.eus/kontratugilearen-profila-widget/8585454/fo/23722 loturan klikatuta.