Igo
  • 2021/06/14

Liburu aurkezpena egingo da gaur, asteartea, tropa frankistak Galdakaon sartu zireneko 84. urteurrenean, eta igandean, bisita gidatua


1937ko ekainaren 15a, bihar bezalaxe, asteartea zen. Beltzez markaturiko eguna Galdakaoko herritarrentzat. Tropa frankistak, 3 egun lehenago, Larrabetzu eta Gamiz-Fika artean Gaztelumendiko muinotik Burdin Hesia haustea lortu zuten.

Ekainaren 15erako, Santa Marinako muinoa bereganaturik, Galdakaoren kontrako bonbardaketa hasi zuten mendialdetik. Ostean etorri zen lurreko erasoa, eta astearte horretan bertan bereganatu zuten matxinatuek Galdakao.

Errepresio garai gogorra hasi zen horrekin. Fusilamenduak, kartzela zigor amaigabeak, jipoiak, emakumeen kontrako bortxaketak, kargu publikoen depurazioak, eta beste askorentzako, erbestea.

Egun horietan gertatutakoa gogoratu eta ezagutzea dagokigu galdakoztarroi, berriro ez errepikatzeko berme gisa. Hortaz, demokraziaren eta askatasunaren alde borrokatu ziren herritarrak gurera ekarri nahi ditugu, biharko egunari begira: Izan zirelako gara, eta garelako izango dira.

Guzti horren ingurumarian, liburua argitaratu dugu Galdakao Gogora Elkarteak eta Galdakaoko Udalak, elkarlanean. Memoria historikorako elkarteak azken urteetan egindako hamaika lan eta ikerketen emaitza da "Galdakao Gerra Zibilean (1936-1937): Udaberririk gabeko urtea" liburua. Bihar, ekainaren 15ean, aurkeztuko da liburua jendaurrean, arratsaldeko 19:00etan, Gandasegiko eskolan.

Liburuak asteazkenetik aurrera egongo dira eskuragarri Galdakaoko udaletxean eta  Torrezabal, Usansolo eta Aperribaiko liburutegietan. Doan banatuko dira herritarren artean eta herritar bakoitzak liburu bakarra hartu ahal izango du gehienez, interesa duten pertsona guztiek izan dezaten bat eskuratzeko aukera.

Azkenik, duela aste gutxi aurkeztutako Herri Barneko Memoriaren Ibilbidetik bisita gidatua eskainiko da igandean, ekainak 20, Galdakao Gogora Elkartearen eskutik. Bisita gidatua goizeko 11:00etan hasiko da Kurtzeko plazatik.

Galdakaoko Udalak ekitaldi horietan parte hartu eta herriaren historia ezagutzeko deia egiten die herritarrei. Hona hitzorduak:

📆 Ekainaren 15ean, asteartea

19:00etan, Gandasegi eskolan

"Galdakao Gerra Zibilean (1936-1937): Udaberririk gabeko urtea" liburua aurkezteko hitzaldia Galdakao Gogoraren eskutik

📆 Ekainaren 20a, igandea

11:00etan, Kurtzeko plaza

Bisita gidatua herri barneko memoriaren ibilbidetik, Galdakao Gogoraren eskutik