Igo
  • 2021/09/15

Lian artistak amaitu du udaletxe ondoko murala; batzearen indarra, aniztasunaren kolorea, eta elkar zaintzaren aberastasuna adierazten duen irudia

Neska bat lasai, atseden hartzen. Eraikinen artean ikusten zaio aurpegia, eder, tamaina handian. Bere ile luzeak goitik behera egiten du ertzean, 20 metroko altueran. Hainbat esku, trentzan biltzen ari dira koloreetako ilea; pertsona diferenteen esku sendoak, leunak zein zimurtuak. Diferenteen artean batzearen indarra, elkarlanaren aberastasuna eta elkar zaintzak dakarren kolorea, bizia, adierazten du Murales Lian izen artistikoaz ezaguna den Lian muralistak Galdakaon amaitu berri duen irudiak.

Handia da murala, eta zuri-beltzetik bizitzara jauzi egiten duena, koloreari esker. Juan Bautista Uriarte kaleko 61. atariaren atzealdean dago, udaletxe ondoko parking rotatoriora ematen duela. Ez zen horma erraza margotu beharrekoa, ertz, alde eta tamaina diferenteak baititu: batetik, urte luzetan andamioz hesitua egon den pareta luzea, parkingaren aldera ematen duena. Eta bestetik, udaletxearen atzealdeari begiratzen dion zati horizontala, Juan Bautista Uriarte 63ko eraikinaren terraza gainean geratzen dena. Horren gainean hartzen du atseden, hain zuzen, neskak. 4,30 x 20 eta 8 x 7 metro dira margotu diren bi hormak.

Zaila aurreikusten zen lan horrerako, artista entzutetsuaren elkarlana lortu du Galdakaoko Udalak, eta hiri paisaia atseginago egiteko bidean, zaharkitua zegoen horma inguruko eraikinen edertasunean txertatzea lortu du. Nazioarteko aitortza duen eta mundu osoko txokoak bere lanekin apaintzen ari den artista da Galdakaon izan dena. Horren erakusle, Street Art 360 Eskoziako hedabide espezializatuak munduko 100 muralik onenen zerrendan jaso zuela iaz Lianen lan bat. 2019an mundu osoan margotutako 100 muralik onenen zerrendan, 46. lekuan jarri zuen Leitzan egina duen murala.

"Ile bat hartzen baduzu, ile bakar bat, erraz apurtuko da; ez du indar handirik izango. Baina ileak batu eta trentza bat egiten baduzu, ileak indartsu bihurtuko dira eta trentza sendo bat osatuko dute. Hori adierazi nahi du horma-irudiak", azaldu du Lianek bere lana.

Zehaztasunen esanahiaren berri ere eman du: "Hiru esku desberdin batzen dira irudian: adineko pertsona batena, gazteago batena, esku beltz edo mestizo bat. adin eta etnia desberdinetako eskuak daude trentza egiten. Eta koloreak ditu: ikusteko modu diferenteak, izaera eta estilo diferenteak. Denak batzen dira trentza egiteko; esku diferente horiek ileak batzen ari dira zerbait indartsua osatzeko, eta indar horrek kolorea ematen dio ezkerraldean ikusten dugun pertsonaren aurpegiari, bizitza ematen dio. Hori adierazi nahi dut: batzen bagara indartsu egiten garela, eta jendeari, herriari, bizitza emtan diogula, kolorea. Gure artean zaintzean, elkar babestean, indartsuago egiten gara".

Gustura agertu da artista egindako lanarekin, eta galdakoztarren izaerarekin bat datorrela iruditzen zaio: "Oso ondo zaindu naute hemen. Garabitik jeisten nintzen bakoitzean zerbait ematen zidaten, kafea, tea, ura. Erregina bat bezala sentitu naiz. Asko zaindu naute eta horregatik uste dut murala bat datorrela Galdakaorekin. Guztion artean bat egiten dugu! Noski baietz!".

Herritarren artetik jaso dituen esker on eta miresmen hitzak ere etengabeak izan direla eta, pozarren dago muralista. "Jende guztia oso pozik dago eta ni ere bai! Murala begiratzen dutenean jendearen aurpegia ikustea itzela da; hori da politena: jende nagusiaren, jende gaztearen, jende guztiaren espresioak ikustea murala begiratzen dutenean. Eta etengabe hurbiltzen zait jendea esatera oso polita dela, pasada bat dela.".

Egindako lanarekin gustura eta galdakoztarren harrerarekin ere bai, berriz ere Galdakaora gogotsu etorriko litzatekeela dio Lianek: "Errepikatzeko gogotsu nago! Nahi duzuenean, berehala etorriko naiz".