Igo
  • 2019/11/08

Lekubaso, Urretako kiroldegia eta herriko argiztapena hobetzea erabaki dute, besteak beste, galdakoztarrek

Galdakoztarrek erabaki dute 2020ko aurrekontuetako milioi bat euro nora bideratu. Hauek dira boto gehien jaso dituzten proposamenak: Lekubaso aisialdirako eremu gisa berreskuratzea (604 boto); Galdakaoko argiztapena hobetzeko proiektua egitea (499 boto) eta Urretako kiroldegiko azpiegitura eta makina gela egokitzea (494 boto).


Proiektu horietako bakoitzak 300.000 euroko aurrekontua du eta hirurak sartuko dira 2020ko aurrekontuetan. Baita herritarrek egindako beste hiru proposamen ere. Milioi bat euro zertan inbertitzea erabakitzeko aukera herritarrei emango ziela agindu zuen udal gobernuak, eta beraz, kopuru horrek ahalbidetu dituen beste proiektu batzuk ere onartu ditu. Hartara, Usansoloko liburutegiko leihoak berriztuko ditu. 380 herritarrek egin dute 80.000 euroko aurrekontua duen aukera horren alde. 18 urtetik gorakoentzat sukaldaritza eta nutrizio hezkuntza tailerra ere martxan jarriko du udalak, 104 pertsonek hautu hori babestu ondoren (8.000 euroko kostua du). Azkenik, 97 herritarren eskaera aintzat hartuta, adinekoen bakardadeari buruzko ikerketa egingo du (10.000 euro).


Galdakaoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie prozesuan parte hartu duten pertsona guztiei. Izan ere, datuek beraiek erakusten dute arrakasta: prozesuaren lehen fasean euren herria hobetzeko 673 proposamen egin zituzten galdakoztarrek; bigarren fasean teknikoek proposamenak teknikoki aztertu eta berdintsuak zirenak batu ondoren, 92 proposamen igaro ziren botoa emateko hirugarren fasera. 1.774 pertsonek eman dute botoa azken fase horretan. Datu eta proposamen guztiak www.galdakao.eus webgunean daude ikusgai, Parte hartu aurrekontuetan atalean.


Parte hartzaile guztiei eskerrak eman, eta herritarrekin eskuz esku elkarlanean jarraitzeko asmoa duela jakinarazi nahi du udalak, sinetsita baitago hori dela guztiontzako hobea izango den herria eraikitzeko modurik onena.