Igo
  • 2021/11/23

Lekubaso berritu eta egokitzeko lanean ari da Udala

Galdakoztarrentzat naturaz eta aisialdiaz gozatzeko leku kutunetakoa da Lekubaso. Eguraldi ona denetan, lagun zein familiartean egunpasa polita pasatzeko gune aproposa. Hala izan zen behintzat garai batean, urteetako zaintza ezak gainbeherara eraman zuen arte. Bada, orduko indar hura berreskuratzear da. Datorren udaberrirako atonduta egongo da, parrila berriak izango ditu, mahaiak, eserlekuak, jolasteko zein egoteko lekuak. Hasita daude lanak eta otsailerako amaituta egotea aurreikusten da.


Parrilak, esaterako, erabat berrituko dira, guztiz zaharkituta eta apurtuta baitaude. Mahai eta eserleku berriak ere ipiniko dira, eta paperontziak.


Estalkia ere apurtuta dago eta berritzen ari da, eta beste aterpe bat eraikiko da gainera; bigarren gune estali horrek, eserlekuak eta harmailak izango ditu.


Haurrentzako jolasgune bat ere sortuko da, ahalik eta irisgarriena. Bi kulunkarietako bat egokitua izango da, helburu horrekin.


Bestetik, Lekubasora iristeko errepidea bera ere konpondu egingo da, erabat zulatua baitago.


Halaber, barandak jarriko dira, adibidez urtegi ondoko eskilaretan. Irisgarritasuna, erosotasuna eta segurtasuna hobetuko dira horrela.


Neguan lanak amaitu, eta udaberria iristerako urtegiaren inguruko leku paregabeaz gozatzeko aukera berreskuratuko da horrela, Udalak 100 neurriekin osatu zuen Gobernu Planeko 15. puntuan agindu zuena beteta.