Igo
  • 2020/04/22

Larunbatetako merkatua itzuliko da Iturrondora, oraingoz elikadura produktuekin soilik

Koronabirusak eragindako etenaldiaren ondoren, zapatuetako Iturrondoko merkatua asteroko hitzordura itzuliko da aste honetan. Oraingoz elikagaiak soilik saldu ahalko dira, salbuespen batekin: Gandasegira landareak eta loreak eramaten dituen saltzailea ere izango da Iturrondoko azokan larunbatetan, baina haziak soilik salduko ditu.


Osasun alertak irauten duela eta, babeserako neurriak ondo zaindu beharko dira apirilaren 25etik aurrera larunbatero egingo den merkatuan ere. Postuek ohi baino distantzia handiagoa izan beharko dute batetik bestera, bai bezeroek bai postuetako saltzaileek babeserako distantzia gorde beharko dute eta eskularruak erabili beharko dituzte.


Eusko Jaurlaritzak agindutako neurri horiek bete daitezen, udalak zehaztuko du postu bakoitza non kokatuko den, eta azoka egunetan, udaltzainek zainduko dute segurtasun neurriak ondo betetzen direla. Herritarrei, zentzuz jokatu eta merkatuan ere babeserako neurriak zaindu ditzatela eskatzen die Galdakaoko Udalak.