Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Lanzadera Etxebarrira heltzeko prozesuan bitartekari aritzeko eskatuz, gutuna igorri dio Galdakaoko alkateak Garraio diputatuari

Mugikortasuna eta garraioa   2022/06/13

Galdakaotik Metrorako bidea egiten duen autobusaren geralekuaren auzia konpontzeko aukera eskuartean egon daitekeela uste du Galdakaoko Udalak; Etxebarriko Udala eta Galdakaokoa ados jar daitezkeela, bi herrietako herritarrentzat onurak ekarriko dituen akordioa eginda. Hortaz, bitartekari lanak egin ditzala eta bi aldeak bilerara dei ditzala eskatu dio Iñigo Hernando Arriandiaga Galdakaoko alkateak Miguel Angel Gomez Viar Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioa eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuari.

Hain zuzen, Galdakaoko Udalaren eta Etxebarrikoaren arteko liskar etengabeek erabat tenkatu zuten harremanaren ondorioz, epaitegietara eraman zuten lanzaderaren auzia duela hamarkada bat. Hainbat gora-beheraren ostean, autobusa Bilboko Bolueta auzora eramatea agindu zuen Administrazioarekiko Auzien Bilboko 3. Epaitegiak 2016. urtean. Etxebarrin zuen geralekua ordura arte, baina, liskarren eta ezin ulertzeen ondorioz, lehenengo Etxebarrin bertan lekualdatu zuten autobusarentzako geltokia, eta azkenik Boluetara eraman zuten, erabat tenkatu eta gaiztotutako giroan.

2016ko epai hark elkar ulertu eta adostasunak erdiesteko agindu zien hiru aldeei: Galdakao Udalari, Etxebarrikoari eta Bizkaiko Foru Aldundiari. Galdakaoko Udal Gobernu hau mandatu hasieratik saiatu da auzia bideratzen eta hainbat bilera eta hartu-eman izan ditu bai Etxebarriko alkatearekin eta bai Foru Aldundiarekin. Sintonia ona lortu du, eta auziaren tentsioa baretzea. Izan ere, iraganeko liskar antzuek ez diote inori onurarik egiten, eta lanzaderaren geralekua oraindik ere Boluetan mantentzea ez da aukerarik zentzuzkoena, hainbat alderen iritziz: autobus linea horretako gidarien sindikatu guztiek eta Fekoor Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak ere hala adierazi dute Galdakaoko Udalarekin egindako agerraldi banatan, langileen zein erabiltzaileen segurtasuna, irisgarritasuna eta gutxieneko zerbitzuak aipatuta. Aurrez, galdakoztarrei egindako galdeketan, Etxebarriko geralekuaren alde egin zuten herritarrek nabarmen.

Etxebarrik ez dio beste autobus linea baten joan-etorria betirako gehitu nahi izan bere herriari. Orain, ordea, aldatu egin da egoera: Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi dute Metroa Galdakaora iritsiko dela eta hartarako lanak udazkenean abiatuko direla, urri aldera. 2027an Metroa Galdakaora iritsiko dela iragarri dute.

Ordutik aurrera, beraz, Galdakaok ez du Metrora arteko autobus zerbitzurik behar izango, bertan izango baitu lurrazpiko garraioa. Hori kontutan hartuta, Etxebarriko Udalarekiko akordioa gertuago ikusten du Galdakaoko Udalak, eta Galdakaoko herritarrek ez ezik, Etxebarriko herritarrek ere beste hainbat zerbitzu eta onura jaso ditzaketela gogoratzen du, anbulategi edota ospitalarekiko loturei dagokienez. 

Hala izan dadin buru belarri jarraitzen du Galdakaoko Udalak. Eta konponbidea gertu egon daitekeelakoan, hiru aldeak biltzeko proposamena egin du. 2016 hartan epaitegiek agindu zutena beteta, bitartekari aritzeko proposatu dio Garraio eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuari; bilera batera dei ditzala bi udalak, eta guztiontzako onuragarria izango den konponbidea bilatzeko. Herritar guztiak aterako dira onuradun, eta instituzioek dagokien lana egingo dute.

Hernando alkateak ostegunean igorri zion gutuna foru diputatuari eta datozen egunotan espero du erantzuna.

Gutuna heme irakurri daiteke