Igo
  • 2021/04/07

Lanzadera Etxebarrira Arcelorretik igarotzeari buruzko azterketa baimentzeko eskatuz gutuna igorri dio alkateak enpresako zuzendariari

Galdakao metroarekin lotzeko lanzaderaren geralekua Etxebarriko geltokia izateko lagungarri izango delakoan, zerbitzu horren ibilbidearen zati bat Arcelorreko lurretatik igarotzeko aukera aztertzea erraztu dezala eskatu dio Iņigo Hernando Galdakaoko alkateak Etxebarriko lantegiaren zuzendariari.


Alkateak 2019ko urrian egin zuen lanzaderaren auzia konpontzea ekar lezakeen proposamena: autobusak Etxebarrira Baskoniako zubitik sartzeko aukera jarri zuen mahai gainean. Arcelorreko lurren ertz batetik igarota, berehala leudeke autobusak metro geltokian, herritarrei kalterik sortu gabe. Beraz, lanzaderaren geltokia Boluetatik Etxebarrira aldatzea erraztu lezake horrek.


Azken urteetan liskar iturri izan den auziarentzako konponbide erraza litzatekeela azaldu zuen orduan alkateak; merkea dela, egingarria, eta guztientzat onurak ekarriko lituzkeela. Alkateak Arcelorreko zuzendariari eta Etxebarriko alkateari azaldu zien aukera enpresan bertan izandako bileran, eta ezezkorik ez zuen jaso horien aldetik.


Hernandok duela urtebete izandako bilera gogoraraziz gutuna bidali dio orain Arcelorreko zuzendariari. Bilera hartako prestutasuna ikusita, Galdakaoko Udalak Ineco enpresari proposamenari buruzko azterketa egiteko enkargua egin ziola gogoratu dio. Azterketa hark kontuan hartu behar zituen bertatik igarotzen den trenen igarobidea, autobusaren ordutegiak edota segurtasun plana, besteak beste, eta hartarako, siderurgia enpresaren lurrak bertatik bertara ikusi behar ziren.


2020ko ekainaren 16an, ordea, Arcelorrek azterketa egiteko aukera ukatu zuen, besteak beste Covidak eragindako arriskua argudiatuta. Orain, babes neurriak egonkortuta eta egoera kontrolatuago dagoenean, ez dezala azterketa oztopatu eskatu dio alkateak enpresako zuzendariari, konponbidea guztien onerako izango dela azalduta: "Ineco enpresaren azterketa ez loteslea baina bai argigarria izango zaigu bai Etxebarriko eta Galdakaoko udalentzat, bai Arcelorrentzat. Beraz, zuen planteamendua berraztertzea eskatzen dizuegu, alde guztientzat onuragarria izango delakoan".