Igo
  • 2020/02/07

Langile publikoek herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko betebeharra dutela ohartarazi dio udalak Ertzaintzari

Ertzain batek bere hizkuntz eskubideak urratu dizkiola salatu du Galdakaoko herritar batek. Horren aurrean, herritarrari babesa adierazi nahi dio udalak, eta urraketa egin duen langilea zein erakundea ohartarazi: hizkuntz eskubideak herritarren eskubideak dira eta instituzio, ordezkari eta langile publikoek herritarren eskubide horiek bermatzeko betebeharra dute. Hala jasotzen du 10/1982 Legeak.


2/2016 Legeak ere argi zehazten du herritarrek, legez, hizkuntza ofizialen artean aukeratzeko eskubidea dutela, eta erakunde publikoek derrigorrez artatu behar dituztela herritarrek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean. Aukeratzeko eskubidea dute herritarrek, eta langile publikoek, aukera hori bermatzeko betebeharra.


Hori dela eta, Galdakaoko Udala Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailera zuzenduko da bere ardurapeko langileek Galdakaon egindako urraketaz ohartarazteko eta halakorik errepika ez dadin neurriak har ditzala eskatzeko.