Igo
  • 2021/10/29

Lan poltsa zabalduko du Udalak, obretako brigadan aritzen diren ofizialen aldi baterako ordezkapenetarako

Obretako brigadan aritzen diren langileen aldi baterako ordezkapenak egiteko lan poltsa zabalduko du Galdakaoko Udalak. Izen emate epea datorren astean hasiko da: azaroaren 3tik 24ra bitartean eman ahalko da izena. Zerbitzuetako ofizial kategoriako lanpostuetarako izango da poltsa hori, eta kontratupeko langile gisa aritzeari begirakoa; alegia, aurrera begira poltsa horretatik tiraka hartuko diren langileak aldi baterako ordezkapenak egiteko kontratatuko dira. Honakoak dira ezaugarri nagusiak:

▶️ Bizkaiko Aldizkari Ofizialeko argitaratze data: 2021eko azaroaren 3a.

▶️ Eskaerak aurkezteko epea: 2021eko azaroaren 3tik 24ra (15 lanegun).

▶️ Lan poltsaren iraupena: 2 urte.

▶️ Langileen eginbehar nagusiak:

- Matxuren kontrola egitea, bertako baliabideekin konpondu ezin direnen berri ematea Udalari eta jarraipena egitea.

- Lanak programatzea, material beharrak zehaztea, biltegiko materiala kontrolatzea, eskaerak egitea eta hornitzaileengandik jasotzea, egin beharreko lanetarako behar den materiala prestatzea.

- Eraikin eta espazio publikoetan, plazetan eta lorategietan mantentze lanak egitea, bai eta udal instalazio eta azpiegituren, zerbitzuen, makineriaren eta erreminten mantentze lanak eta konponketa txikiak egitea ere.

- Kultura eta jai ekitaldietarako prestakuntza lanak egitea, hala nola hesiak, seinaleak, oholtzak eta gainerakoak muntatzea eta desmuntatzea.

- Udal hilerrian mantenu lanak egitea.

- Udal eraikin publikoetan mantentze lanak, kontrola eta ikuskapena egitea, matxurak eta kalteak antzematea, eta lanparak zein berokuntza, aireztapen, aire girotu eta antzekoak konpontzea, besteak beste.

- Koordinatzailearekin lankidetza lanak egitea, eta oporrak, bajak edo lan karga bereziak direla-eta langileak noizbehinka ordezkatzea.

- Era berean, agintzen zaizkion lanak egitea, lanpostua betetzeko eskatzen den kualifikazioarekin bat etorriz, eta, oro har, udal zerbitzuek behar bezala funtziona dezaten agintzen zaizkion antzeko beste lan batzuk egitea, lehen aipatutako zereginak alde batera utzi gabe.

▶️ Baldintzak eta puntuazioa:

- Zerbitzuetako ofizial kategoria izango duten lanpostuetarako, C2 mailako ikasketak dira eskatuko diren gutxienekoak: eskola graduatua, Lanbide Heziketa 1, edo baliokidea.

- Merituak: Lan esperientzia baloratuko da (administrazio publikoan zein enpresa pribatuetakoa) eta formazioa ere bai (administrazio publikoetatik jasoa, Lanbidek egiaztatutakoak, gidabaimena eta euskarazko hizkuntz profilak).

▶️ Eskaerak aurkezteko:

- Galdakaoko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkez daitezke eskaerak, ahal dela egoitza elektronikoaren bidez (https://.galdakao.egoitzaelektronikoa.eus).

- ESAN Udalaren arreta zerbitzuan, aurrez hitzordua eskatuta (94 401 05 00).

- Administrazio Publikorako Ohiko Prozeduretarako araututako lekuak (Correosen bulegoak eta beste administrazio batzuetako erregistro orokorrak, hala nola foru administrazioetakoak, udaletakoak, gobernu zibilekoak, etab).

Gobernu planeko 60. puntuari erantzuten dio neurriak. Honela dio: "Udal langileen egonkortasunean aurrera egingo da eta lan poltsa publikoak sortuko dira, lanpostu duin eta egonkorren aldeko apustua eginez".

DEIALDIA-ETA-OINARRI-ARAUTZAILEAK.pdf