Igo
  • 2020/03/15

Laguntza behar dutenentzat zaintza sare herritarra aktibatuko du udalak, elkarte eta bolondresekin elkarlanean

Coronavirusak eragindako egoeraren aurrean, laguntza behar dutenentzat eta laguntza emateko prest daudenentzat 688 71 93 04 telefono zenbakia eta zaindugaldakao@galdakao.net helbide elektronikoa jarriko ditu martxan Galdakaoko Udalak, herriko hainbat elkarterekin elkarlanean. Astelehenetik aurrera egongo da aktibo.


Herritarrak elkar zaintzea du helburu ekimenak, eta laguntza behar dutenak laguntza emateko prest daudenekin harremanetan jartzean datza. Udalak koordinatuko du zerbitzua, hainbat eragile eta herritarrekin elkarlanean.


Euren osasun egoeragatik edo adinagatik erosketak egitera atera ezin dutenei, esaterako, lan hori egiteko prest aurkezten diren boluntarioek eramango dizkiete erosketak etxera, beti ere beharrezko babes neurriak hartuta. Etxean bakarrik egonda teknologiarekin ondo moldatzen ez diren adinekoei laguntzeko taldea ere sortuko da, laguntza teknikoa emateko. Bestelako babes laguntza behar duten pertsonen kasuak Gizarte Ekintza zerbitzura bideratuko ditu udalak. Hain zuzen, bakarrik eta laguntzarik gabe geratu diren pertsona nagusiek izan ditzaketen beharretan arreta berezia jarriko du udalak.


Gizarte eragileekin elkarlanean jarriko du martxan elkar zaintzeko sarea udalak. Bolondres izateko izena ematen duten pertsonen lana GBGE Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak koordinatuko du, besteak beste gazte mugimenduarekin, Elkarlaguntza Sare Ekologikoarekin zein auzo elkarteekin elkarlanean. Usansoloko laguntza sarearekin ere koordinatuta arituko da Udala.


Herritarrei ere era kolektiboan erantzuteko eta elkar babesteko deia egiten die Galdakaoko Udalak; bai sarean parte hartuta, bai nork bere etxe ondoan duenari laguntza eskainita.