Igo
  • 2021/07/16

Kulturaren aldeko apustu garbian sakontzen jarraituko du Galdakaoko Udalak

Jauzia agerikoa da: kulturak protagonismoa hartu du Galdakaon azken bi urteetan. Herritarrek aitortzen dute aldaketa, eta datuek erakusten dute: kultur eskaintza inoiz baino handiagoa da, eta anitzagoa. Herritarren erantzuna ere, paregabea. Sekula baino ikusle kopuru handiagoa izaten ari da Torrezabal kultur etxean, pandemiak eragindako muga eta neurri guztiez gain. Udalak kultur arloko plantillaren lana eta herritarren erantzuna zoriondu eta eskertu nahi ditu. Eta hartutako bidearen arrakasta ikusita, bide berean jarraituko duela jakinarazi du, uztailerako programazioa aurkeztu eta irailean etorriko denaren zertzelada batzuk iragarrita.
Olaia Parra Kultura zinegotziak eta Katrin Schlegel kultur ekitaldiak programatzen dituen udal langileak egin dute orain artekoaren errepasoa, ondoren, gaurtik aurrera datorrenaren berri emateko. Pandemiaren eraginez sei hilabete itxita egon ondoren, Torrezabalek ateak indartsu zabaldu zituela azaldu du Parrak: "2020ko irailean itzuli ginen, inoiz baino indar handiagoz, urteko programazioaren % 86 eskainiz lau hilabetetan". Erronka handia izan zela gogoratu du, are, Andra Mari dantza taldea bezalako elkarteek ere euren programazioa bertan eskaintzea proposatu zutenean. Aberatsa izan zen proposamena, elkarlana eta eskaintza. Nekeza bezain polita. Schlegelek gogoratu duenez, herriko elkarteei ateak irekita, abendu osoan bi egun soilik izan zituen programaziorik gabe Torrezabalek. Ikusleek oso positiboki jaso dute eskaintza hori, eta 2020an batez besteko okupazioa % 65ekoa izan zen, eta 2021ean % 61ekoa. Aurreko urteetako batez besteko okupazioa % 40koa zen. Programazioari dagokionez, irailetik abendura 37 emanaldi programatu ziren, esaterako. Hilean 9 emanaldi inguru esan nahi du horrek, aurreko urteetan batez beste hilean 2,5 emanaldi ziren bitartean. Gaur egun, 6,2 emanaldikoa da bataz bestekoa. Lola Herreraren "5 horas con Mario", Gatibu, Kiko Veneno eta Pirritx eta Porrotx dira eskaintza anitz zein arrakastatsu horren adibideetako batzuk.
Jarduera horrek guztiak ahalegin berezia die Torrezabaleko langileei, eta Udalak eskerrak eman nahi dizkie protokoloaren etengabeko aldaketetara, segurtasun-neurrietara eta edukiera murrizketetara egokitu behar izan dutelako, eta hori guztia, Torrezabaleko kultura eskaintza mantentzeaz gain, hori hobetuta, datuek adierazten duten bezala. Irailean kultura kalera ateratzeko sortutako Kultur Plazako programazio zabala ere gogoratu du zinegotziak, eta aurten ere apustua errepikatuko dela adierazi du.
Edukiera erabat bete dela dioen kartela 9 aldiz zintzilikatu behar izan dugu Torrezabalen 2020an eta 2021ean 5 aldiz. Seigarren emanaldi baterako sarrerak agortuta daude jada, Kerobiak azaroan emango duen kontzerturakoak. Espero dugu ordurako eserleku gehiago eskaini ahal izatea eta beraz leihatila berriro ireki ahal izatea; pandemiaren baldintzak hobetzen ari diren seinale izango da. Erabateko okupazioez gain, %90ekoa izan dute, esaterako, Nogen, Ruper Ordorika eta Aurora Beltranek. Datu oso onak izan dira, eta aurten Torrezabal kontzertu-areto gisa gozatzeko egin zen apustua bermatu dute. Asmatu genuen ostegunetako iluntzeak pop/rock musikari irekitzean.
Kaiola Festibalak izan duen harrera ona ere aipatzekoa da. 2020an atzeratu behar izan zen eta aurten itzuli da, eredua aldatuta. Galdakaotik kanpoko publikoa erakartzen duen jaialdia da, eta artistak ere atzerritik ekarri izan dituena. Aurten, baldintzak direla eta, oso bertakoa izan da Kaiola, eta oso harrera ona izan du herritarren aldetik.
Dantzaren aldeko apustua izan da beste berrikuntza eta arrakasta bat, herritarrek eskertu dutena. Hortaz, dantza programazioan txertatzen jarraitzeko asmoa du Udalak. Guzti horretan murgilduta, bataz beste 6,2 jarduera programatzen ari da Udala Torrezabalen hilero, 2021ean. Duela bi urtera arte, bataz beste 2,5ekoa zen hileko bataz besteko programazioa.
Torrezabalen esperientzia ahalik eta onena izan dadin nahi horretan, hobekuntza teknikoetan ere murgildu da Udala. Akustika zein argi azterketak egiten ari da, esate baterako, aldaketak egiteari begira.
Lan, ahalegin eta ilusio handia daude, kultur ekitaldi bakoitzaren atzean, eta lan horretan aritzen den Schlegel "oso egoera zailetan" askorentzat "arnasgune" izan diren ekitaldietako esperientziak kontatu ditu: "oso une politak, magikoak bizi izan ditugu oso une gogorretan", adierazi du, kulturaren beharra defendatzeko. Herritarrei eskerrak eman dizkie erantzun onagatik eta "pazientziagatik", eta artistei ere bai, duten onena eman dutelako.
Aurrera begira ere hartutako bidean jarraitzeko asmoa azaldu, eta udarako programazioaren berri eman dute Schlegelek eta Parrak. Hona hemen uztaileko egitaraua:
ZINEMA KALEAN (Ostiraletan, Urreta eskolako patioan):
📆 Uztailak 16:
- 18:00. "Dragoiaren gidaria" (haurrentzat)
- 20:00. "El enjambre"
📆 Uztailak 23:
- 18:00. "Elfkinak" (haurrentzat)
- 20:00. "Tres anuncios en las afueras"
📆 Uztailak 30:
- 18:00. "Sablehortz kapitaina eta diamante magikoa" (haurrentzat)
- 20:00. "Akelarre"
FOLKLORE BIZIAN (Andra Mari dantza taldeak antolatuta)
📆 Uztailak 20, asteartea, 20:30ean, Kurtzeko plazan: Jawor (Polonia), Ballet Jammu (Senegal) eta Andra Mari (Euskal Herria)
📆 Uztailak 21, asteazkena, 20:30ean, Kurtzeko plazan: Trim The Velvet (Irlanda) eta Ritmos y Costumbres (Peru)
📆 Uztailak 22, osteguna, 20:30ean, Unkina kiroldegian (Usansolo): Ritmos y Costumbres (Peru) eta Oin Arin (Euskal Herria)
KONTZERTUA
📆 Uztailak 23, ostirala, 19:00etan, Kurtzeko plazan: "Remember me", Galdakaoko Da Capo Musika Bandaren kontzertua.
KALEJIRA (Galdakaoko Ad Libitum Txistu Banda)
📆 Uztailak 25, igandea, 13:00etan, Tximiolarregoikoan.
📆 Uztailak 31, larunbata, 13:00etam. Tximiolarrebekoan.
Irailean, bestetik, kulturak hartuko ditu Galdakaoko kaleak, hiru astez. Iazko esperientzia arrakastatsuari helduta, Kultur Plaza errepikatuko da aurten eta irailaren 9tik 25era bitartean musikak eta antzerkiak bizia emango diote herriari. Kultur Plaza amaitu eta biharamunean, irailaren 26an, ekingo zaio berriz antzokiko programazioari.