Igo
  • 2022/06/03

Kontzertuak eta gildak igande eguerditan: bereziak izango dira ekaineko asteburuak Galdakaon

Uda-giroa, kalean lagunartean egoteko irrika, musika entzutekoa… Agerikoa da aisialdiaz gozatzeko gogoa azken garaiotan. Gogo horrekin bat egin, eta kaleak bizitzaz janzteko eskaintza egin dute Galdakaoko Udalak eta GuDendari elkarteak, elkarlanean. Gurean gozatzeko dugun eskaintza zabala baliatzea da helburua, musikariei plaza eskaintzea, eta, aldi berean, gure denda eta ostalaritza laguntzea.

Asteburuetako eguerdiak atseginago egiteko, gilda hilabetea izango da Galdakaon, eta, egitasmoarekin bat egiten duten tabernek euro baten truke salduko dituzte denetariko gildak.

Igande eguerditan, gainera, musikaz gozatzeko aukera izango da herriko hainbat gunetan: txandaka arituko dira talde zein bakarlariak Iturrondon, Mugurun, Ganekogortan, Urretan, Berezikoetxen eta Santi Brouard plazan ekaineko igandetan, 13:00etatik aurrera.

Eguerdi partean gustura entzuteko moduko musika izango da eskainiko dena, diferentea egun eta gune bakoitzean: izango da soula edo jazza, izango da erromeria, rocka, eta izango da kitarra eskuetan arituko den kantautorea, esaterako. Musikari horietako gehien-gehienak, gainera, galdakoztarrak dira.

Ekaineko asteburu guztietan izango da eskaintza, asteburu honetan bertan hasita: gildak euro baten truke larunbat eta igandetan, eta kontzertuak igande eguerditan.

Hona igandetako kontzertuen egutegia:

📆 Ekainak 5

  • Iturrondo plazan: Now Nináh
  • Muguru plazan: Luhartz

📆 Ekainak 12

  • Ganekogorta kalean: Jone eta Ane
  • Urreta plazan: Aker

📆 Ekainak 19

  • San Inazio plazan: Elene
  • Iturrondo plazan: Maider Legarreta

📆 Ekainak 26

  • Muguru plazan: Ero taldea
  • Santi Brouard plazan: Maider Legarreta

Herrian ditugunez gozatzeko gonbitea egiten diete Galdakaoko Udalak eta Dendari Elkarteak herritarrei.

Aldi berean, herriko mota guztietako artistei dei egiten die Udalak, osatzen ari den artisten katalogoan parte har dezaten. Udalak katalogo hori erabiliko du eskaintza edo ekitaldiak prestatzerakoan. (Udalaren webgunean eman daiteke izena: https://www.galdakao.eus/artisten-katalogoa/).

Ostalariei ere igorri nahi die mezua Udalak: elkartuta errazagoa da halako eskaintzak lantzea. Hortaz, bai GuDendarin edo bai ostalarien elkarte propio batean batuta egoteak Udalarentzat mintzakide bat izatea ekarriko luke, eta horrek, erraztu egingo luke ostalaritzarentzako onuragarriak izan daitezkeen proposamenak lantzea.

Landu dezagun herria elkarlanean eta goza dezagun dugunaz, asko da eta.