Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Kontu emateko ekitaldia egin du udal gobernuak herritarren eta eragileen aurrean

Beste batzuk   2022/06/30

Duela bi urte eta bost hilabete, Gobernu Plana azaltzeko ekitaldia egin zuen hasi berri zen Galdakaoko Udal Gobernuak. Gandasegi eskolako areto nagusia jendez bete zuen gobernu berriaren proposamenak entzuteko irrikak, eta 100 neurriko Gobernu Plana aurkeztu zuen taldeak; plan aberatsa, lau taldeen proiektuen uztarketatik sortua, eta zehatza, 100 neurri konkretu biltzen dituena. 


Atzo, berriro batu ziren gobernu taldea, herritarrak eta eragileetako ordezkariak Gandasegin. Oraingoan, egindakoen berri ematea zen helburua; herritarren aurrean kontu ematea. Eta aretoa jendez bete zen berriro. 


100 neurrietatik 96 martxan daudela jakinarazi zuen Iñigo Hernando alkateak; horietako asko, erabat gauzatuta daudela. Eta hori, bi urteotako oztopo eta salbuespeneko zailtasunez gain. Alkateak eta aurkezle lanetan aritu zen Edurne Espilla zinegotziak gogoratu zuten anbizio handiko Gobernu Plana aurkeztu eta bi hilabetera, mundua geratu zuen pandemia iritsi zela. Hala ere, orduan agindutako 45 neurri erabat amaituta daude, eta 51 egiten ari dira, fase diferenteetan. Legealdi honi urtebete falta zaionean, oso ona da Gobernuak egiten duen balorazioa.
EH Bilduk, Auzoakek, Usansolo Herriak eta Podemosek osatzen duten gobernu taldeko zinegotzien artean eman zuten planaren atal desberdinetako neurrien berri; hitz egin zuten herri atsegin eta bizigarriagoa eraikitzea helburu duen hirigintza proiektuen egoerari buruz, bizi kalitate on baterako ezinbestekoak diren zerbitzuei buruz, eta herri gisa aberasten gaituzten kulturari, euskarari eta ondareari buruz, besteak beste.


Aritu ziren elkarlanari buruz: lau taldek osatutako lantaldea izanik Euskal Herri osoan aniztasun handiena duen gobernua den aldetik; beste instituzio batzuekin duen elkarlanari buruz, eta herrian bertan, herritarren parte hartzearekin eta eragileen ekarpen iraunkorrari esker duen elkarlan aberatsari buruz. 


Eragile horietako hiru ordezkarik ere hartu zuten hitza gobernuko kideen ostean: udal honen bultzadarekin sortu den Erletxe Industrialdeko Enpresen Elkarteko ordezkariak, Pentsiodunen taldeko kide batek, eta Galdakao Gogorako beste ordezkari batek. Hitz ederrak izan zituzten guztiek gobernantza eredu horren alde eta espresuki eskertu zuten gobenu honen zein alkatearen laguntza eta elkarlana.


Parte hartu zuten horien guztien artean osatu zuten ‘Gero Bat Denontzat-Un Futuro Compartido’ leloa, gobernu honen goiburu nagusia, gobernukideen eta eragileetako ordezkarien artean.