Igo
  • 2020/12/15

Komunitateagatik, elkar zaintzagatik, jasangarritasunagatik, kalitateagatik eta konpromisoagatik, Galdakaon erostearen aldeko kanpaina abiatu du Udalak

"Prestatu itzazu gabonak maitasunez, ingurukoak kontutan hartuz eta denon osasuna zainduz". "Gabonak herrian prestatu, Galdakaon, komunitatea, elkarzaintza, jasangarritasuna, segurtasuna eta kalitatea babestuz, herri bizi baten aldeko konpromisoa hartuz". Argia da Gabonei begira Galdakaoko Udalak aurten egindako kanpainaren mezua: babes gaitezen elkarren artean, egin ditzagun erosketak herrian, auzoan. Argia da mezu guztien goiburu izango dena ere: "Gabon hauetan: Gurean erosi, bizi Galdakao".


Inoizko Gabonik berezienak eta askorentzat zailenak izango diren hauetan, herriko dendak laguntzeko deia egin nahi du horrela Galdakaoko Udalak, Dendari Elkartearekin batera prestatutako kanpainarekin. Eta hitzez esaten diren asmo on horiek guztiak ekintzez laguntzeko eskatu die herritarrei: konpromisoa hartu, eta erosketak bertoko denda txikietan egiteko. Ondokoa lagunduz geure burua laguntzen dugulako, komunitatea zaintzen dugulako, guztion segurtasuna lantzen dugulako, herri bizi bat sustatzen dugulako. Egin dezagun bertoko ostalaritza eta denda txikien aldeko apustua, egin dezagun Galdakao bizi baten aldeko apustua.