Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Komun berria du Galdakaoko hilerriak, erabilera bakoitzeko automatikoki garbitzen dena

Beste batzuk   2024/10/31

Udalak jarri duen komuna erabilgarri dago Elexaldeko hilerri erdiko kapera ondoan

Hilerriak inoiz baino bisita gehiago izaten dituen egun hauetan, prest dago Elexaldeko hilerriko komun berria. Hilerri erdian dago kokatua, kaperaren eraikinean, eta automatikoa da, erabilera bakoitzaren ondoren bere kasa garbitzen dena.

Pertsona guztientzat irisgarri izan dadin pentsatua dago Galdakaoko Udalak jarri duen komun berria: arrapala txiki bat du sarreran, euskarriak ditu bai sarreran eta bai barruan, emergentzietarako botoia du lurrean eta eskuak garbitu zein lehortzeko aparailu automatikoak ditu.

Komuna jarri den eraikinean, hilerri erdian dagoen kaperaren ondoan, konpontze lanak ere egin dira. Itxita zegoen gunea erabilgarri jartzeko lanak egin dira bai barrualdean eta bai kanpoaldean, eta teilatua ere konpondu da. Guztira, 52.737,85 euroko kostua izan dute lanek.

Hemendik aurrera, egunero egongo da erabilgarri hilerriko komun berria, 07:00etatik 22:00etara.

Bide batez, Udalak gogoratzen du azaroaren 1ean Galdabusa zerbitzua martxan egongo dela egun osoan zehar, eta bai Zuhatzutik abiatzen den linea eta bai Aperribaitik ateratzen dena Elexalderaino joango direla hilerrirako joan-etorriak errazteko.