Igo
  • 2021/03/03

Koloneko minbiziaren baheketa hasi da Galdakaon

Oraintsu, Galdakaoko lehen mailako arretako Unitatean, kolon eta ondesteko minbiziaren baheketaren beste tanda bat hasi da. Herrialde garatuetan ohikoena da, eta gizonen eta emakumeen artean heriotza-tasa handiak eragiten ditu. Kanpaina honen helburua zera da: minbizi aurreko lesioak eta hasierako fasean dauden minbiziak goiz detektatzea, horrek eragindako hilkortasuna murrizteko.

Horrelako programetan parte hartzea oso garrantzitsua da, Barrualde-Galdakao ESIko Arreta Integratuko zuzendariorde Ana Iruarrizagak dioen eran: "proba erraz baten bidez minbizia goiz detektatu daiteke, eta horrek minbizia prebenitzen eta tratamendu-aukerak hobetzen laguntzen du, kasu askotan biziraupena eta bizi-itxaropena handituz".

Kolon eta ondesteko minbiziaren 1.800 kasu baino gehiago detektatzen dira urtero Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban: bigarren tumore ohikoena da emakumeengan, bularreko minbiziaren ondoren, eta bigarrena gizonengan, prostatako minbiziaren ostean.

Aurrekoetan bezala, gutun bat bidaliko zaie 50 eta 69 urte bitarteko Galdakaoko gizon eta emakume guztiei, parte hartzera gonbidatuz. Gutun horrekin batera, gorozkietan ezkutatutako odol-testa egiteko behar den kita eta hori egiteko jarraibideak ere bidaliko dira. Lagina jaso ondoren, Galdakaoko Osasun-zentroan eta Aperribai, Larrabetzu eta Usansoloko kontsultategietan jarriko diren edukiontzietan utzi beharko da. Horretarako ez da deitu edo hitzordua eskatu behar.

Probaren emaitza positiboa bada, beharrezkoa da kolonoskopia egitea diagnostikoa baieztatzeko. Kasu horretan, jar zaitez harremanetan zure familia-medikuarekin, eta hark miaketa eskatu eta dauzkazun zalantza guztiak argitu ahal izango dizkizu.

Programaren aurreko aldian, 2019an egindakoa, Galdakaon, xede-populazioaren % 77,48k parte hartu zuen. Aipatu behar da gizonen parte-hartzea (% 75,21) emakumeena (% 79,52) baino txikiagoa izan zela, nahiz eta gizonek lesio aurre-gaiztoak eta gaiztoak izateko arrisku handiagoa izan. Egindako proba guztietatik, 304k (% 4,99) positibo eman zuten. Horri esker, Galdakaoko lehen mailako arretako Unitatean 184 minbizi-aurreko lesio (positiboen % 60,53) eta 12 minbizi (% 3,95) hauteman dira. Gainerakoak minbiziak ez diren lesioak edo beste patologia batzuk izan ohi dira.