Igo
  • 2021/09/24

Klima aldaketari aurre egiteko neurriak eskatuz gutuna eman diote Eguzkibegi ikastolako ikasleek alkateari

Klima aldaketagatik kezka agertu eta neurriak har daitezela eskatzeko, udaletxe aurrean bildu dira Eguzkibegi Ikastolako DBH 3. mailako ikasleak. Alkateari gutun bat eman nahi ziotela eta, haiekin bildu da Iņigo Hernando Galdakaoko alkatea. Ikasleen azalpenak entzun ditu, Galdakaoko Udala klima larrialdiaren aurrean hartzen ari den neurrien berri eman die, eta ikasleek, IRAES Iraunkortasunerako Eskolako kide gisa eman dioten gutuna jaso du.

Ainara Ortun ikasleak eman dio gutuna alkateari, eskura, IRAES taldeko gainerako taldekideekin batera. Hain zuzen, urriaren 3tik 7ra bitartean estatu mailan egingo den gazte konferentzian parte hartuko du Ortunek, Madrilen. Euskal Autonomia Erkidegoa 8 gaztek ordezkatuko dute konferentzia horretan, eta horietako bat izango da galdakoztarra.

Energia berriztagarrien aldeko apustua eskatu diote ikasleek alkateari, eta autoek CO2 asko isurtzen dutela gogoratu. Herrian auto elektrikoak kargatzeko bi gune jarriko direla azaldu die alkateak. Eskoletan eguzki panelak ipintzeko eskaeraren aurren, Gandasegi eskolan plaka fotovoltaikoak daudela azaldu die. Hondakinen gaikako bilketa eta birziklapena bultzatzeko lanean ari dela ere adierazi diete udaleko ordezkariek, argiterian LED sistema ezarrita kontsumoa txikitzen ari dela, eta Hiri Mugikortasun Jasangarri eta Berdintasunezko Planak klimari egiten ari zaion kaltea arintzen lagunduko duela. Oinezkoentzako guneak, bidegorriak eta garraio publikoa aipatu dituzte adibidetzat.

Alkateak eta Udaleko Ingurumen teknikariak ikasleak zoriondu dituzte ingurumenaren alde egiten ari diren lanagatik, eta Ortuni eskerrak eman dizkiote ordezkari gisa arituko delako. Solasaldiaren ondoren, argazkia egin dute guztiek elkarrekin.