Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Kirolean, merkataritzan eta udaletxean euskararen erabilera sustatzeko kanpaina aurkeztu du Udalak: “Gu be bai!”

Beste batzuk   2022/07/26

Galdakao euskaldunagoa egitea izango du xede kanpainak

Galdakaoko Udalak Artez euskara zerbitzuak elkartearekin elkarlanean euskara sustatzeko kanpaina jarri du abian, hiru esparru ezberdinetan: Udalean, kirol klub eta elkartetan eta Gu Dendari merkataritza elkartean, alegia, herriko saltoki ezberdinetan. 

Gaur goizean udaletxeko osoko bilkuren aretoan eman dituzte “Gu be bai!” kanpainaren nondik norakoak Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko euskara zinegotziak, Olatz Santamaria Artez euskara zerbitzuak elkarteko kideak eta Amets Iturbe Galdakaoko Udaleko kirol zinegotziak. Bertan egon dira herriko kirol klub ezberdinen, dendarien eta udaletxeko langileen ordezkariak ere: Janire Landaluze Adiskide eskupilota taldearen lehendakaria, Pedro Aizarna Ganguren Mendi taldeko lehendakaria, Iñaki Larrea CD Galdakaoko lehendakaria, Aitziber Bonilla Gu Dendari merkatari elkarteko lehendakaria eta Ana Martinez Galdakaoko Udaleko langileen batzordeko kidea. 

Edurne Espilla zinegotziak “gonbite zabala” egin die herritarrei eta kolektiboei kanpainari atxikimendua erakusteko, euskararen erabilerak gora egin dezan; izan ere, Espillak berak nabarmendu duenez, “erabaki kolektiboek eta pertsonalek egingo dute Galdakao eta Usansolo euskaldunago”. 

Euskararen erabilera sustatzeko kanpaina ez ezik, kontzientziazio kanpaina ere izango dela esan du euskara zinegotziak. Lehen fase batean, arestian aipatutako hiru esparruetan martxan jarriko da, baina haratago joatea da asmoa. Izan ere, hiru esparru horietako talde bakoitzak erronka zehatz, neurgarriak eta denbora tarte zehatz batean bete beharrekoak markatuko ditu.

Artez euskara zerbitzuak elkartearekin jarri du martxan kanpaina Udalak, eta “hitzarmengintzaren metodologia” erabiliko da, zeinaren arabera, kirol eta merkataritza elkarteek erronka batzuk hartuko dituzten beregain. Erronka horiek lortzeko, elkarteek Udalaren eta Artezen laguntza izango dute. Erronkei indar gehiago emateko, hartutako konpromiso horiek publiko egingo dira. Horrela “prozesuari zilegitasun handiagoa” emango zaiola azaldu du Olatz Santamaria Artezeko kideak, eta, publiko egitean, ahalegin handiagoa egiten dela agindutakoa betetzeko. 

Kirol elkarteei dagokienez, programa aurkeztu zaie dagoeneko, eta irailean hasiko dira hitzarmenak eta konpromisoak sinatzen. Horren ostean diagnostikoa egingo da, erronkak zehazteko. Ondoren erronkak betetzeko garaia izango da, eta horretarako baliabideak eskainiko zaizkie klub eta elkarteei. Ondoren, jarraipenaren ebaluazioa egingo da. Prozesua antzerakoa izango da merkatariekin ere. 

Kirol elkarteak hiru mailatan sailkatuko dira, elkarte bakoitzaren abiapuntu erreala abiapuntu hartuta, Edurne Espillak zehaztu duenez. Hori dela eta, klub bakoitzak hartutako erronkak ere hiru mailatan banatuko dira, bakoitzaren beharrekin bat egiteko. 

Kirol arloan, Galdakaoko Udalak dituen helburuak bat datoz Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztu duen BIKEE (Bizkaian Kirola Ere Euskaraz) proiektuaren helburuekin eta hortaz, norabide berdinean arituko dira bi ekimenak, Amets Iturbe Kirol zinegotziak adierazi duenez. Iturbek eskerrak eman dizkie klubei “euskararekiko konpromisoagatik”, eta, zentzu horretan, Janire Landaluze Adiskide eskupilota taldearen lehendakariak honakoa nabarmendu du: “Adiskide talde euskalduna da berez, baina badaude gauzak egiteko”. 

Merkataritza elkartearekin lan egiteko, ez da mailarik zehaztu, merkatari guztiek ez dituztelako baliabide berdinak. Aitziber Bonilla Gu Dendari elkarteko lehendakariak ere prestutasuna agertu du kanpainarekiko: “Euskararen aldeko ekimen guztiak pozik hartzen ditugu baina egunerokoan badauzkagu bestelako erronka asko, eta beraz, halako kanpainek laguntzen dute lehentasuna ematen”.

Udaletxeari dagokionez, Edurne Espillak nabarmendu du Udalak euskara sustatzeko beharra duela, eta garrantzitsua dela hori barneratuta izatea: “Udalak ez du hizkuntza eskubiderik, herritarrena da hizkuntza eskubidea eta instituzioek eskubide hori betetzeko beharra dute”. Hori horrela, Espillak azaldu du udaletxeko langileei dekalogo moduko bat zabalduko zaiela, 10 erronka edo konpromisorekin, udaletxeko euskara planarekin bat datozenak. “Bakoitzak ale txiki bat jarrita, gauza handia egin daiteke”, azpimarratu du Espillak.