Igo
  • 2019/10/31

Kataluniarekiko elkartasunez Gure Eskuk egingo dituen mobilizazioetan parte hartzeko konpromisoa hartu dute EH Bilduk, EAJk, Usansolo Herriak eta Podemosek

Kataluniako buruzagien aurka Espainiako Auzitegi Gorenak kaleratutako zigor epaia "bidegabekeria itzela" dela sinetsita, "desadostasun osoa" adierazi diote Galdakaoko udaleko talde gehienek. EH Bilduk, EAJk, Usansolo Herriak eta Elkarrekin Podemosek bat egin dute Kataluniari elkartasuna adierazterakoan eta "injustiziaren aurrean" Gure Eskuk kaleratutako manifestua sinatu dute. "Gure Eskuk deitutako mobilizazioetan parte hartzeko konpromisoa hartzen dugu", adierazi dute.


"Prozesu judizial arbitrarioa" salatu, eta Kataluniako prozesuko preso guztiak askatzeko eskatu dute. "Zigor epai honetan, kezkaz antzematen ditugu manifestazio eskubidearen, adierazpen askatasunaren, protestarakko eskubidearen, bozkatzeko eskubidearen, autodeterminazio eskubidearen eta erabakitzeko eskubidearen kriminalizazio zantzuak", adierazi dute manifestua sinatuta. "Erabat onartezina da", gaineratzen du testuak; "Demokrazian ezin dira kriminalizatu mobilizazio demokratiko eta baketsuak, ezta disidentzia politikoa ere. Demokrazian, bozkatzea ezin da delitu izan, konponbidearen parte baizik".


"Egoeraren larritasunak" demokrazia, justizia eta askatasuna maite duten guztiak "aukera ideologikoetatik harago" interpelatzen dituztela adierazi, eta mobilizazioekin bat egiteko konpromisoa hartu dute EH Bildu, EAJ, Usansolo Herria eta Elkarrekin Podemosek. Udalean talde horien bozeramaile diren Fernando Izagirrek (EAJ), Maite Arandiak (EH Bildu), Agustin Aizpuruk (Usansolo Herria) eta Jose Luis Bernalek (Elkarrekin Podemos) sinatu dute Gure Eskuren manifestua.


-------------------------------------------------------


CATALUNYA - MANIFESTUA


Lehenik eta behin, gure desadostasun osoa adierazi nahi diogu Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistak zigortzen dituen epaiari. Zintzotasun osoz, bidegabekeria itzela deritzogu Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiari. Eta, gainera, uste osoa dugu epai honek ondorio larriak dakartzala oinarrizko eskubide eta askatasunentzat.


Prozesu judiziala bera ere ez da justua izan; aitzitik, arbitrariotasunez beteta izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da, eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu dira, Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi Arbitrarioei buruzko lan taldeak salatu duenez. Hain zuzen, presoak askatzeko talde honek egindako eskaerari muzin egin zaio.


Bidegabekeria honen aurrean, preso guztien askatasuna aldarrikatzen dugu. Jordi Cuixart, Oriol Junqueras, Jordi Snchez, Carme Forcadell, Jordi Turull, Ral Romeva, Dolors Bassa, Josep Rull eta Joaquim Forn aske nahi zaituztegu. Epai honen ondorio larriak zuzenean pairatu behar dituztenei eta haien senideei gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu.


Zigor epai honetan, kezkaz antzematen ditugu manifestazio eskubidearen, adierazpen askatasunaren, protestarako eskubidearen, bozkatzeko eskubidearen, autodeterminazio eskubidearen eta erabakitzeko eskubidearen kriminalizazio zantzuak. Erabat onartezina da. Demokrazian ezin dira kriminalizatu mobilizazio demokratiko eta baketsuak, ezta disidentzia politikoa ere. Demokrazian, bozkatzea ezin da delitu izan, konponbidearen parte baizik.


Salbuespenezko bide judizial, juridiko edo prozesalak alde batera utzi behar dira. Elkarrizketa eta negoziazio politikoari ekin behar zaio auzi hau bideratzeko. Konponbide demokratikoaren alde egin behar da, Kataluniako herritarrek euren etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea aintzat hartuta. Premiazko eginkizuna da.


Gure ustez, elkartasuna, askatasun demokratikoen eta eskubide zibil eta politikoen defentsa, bide errepresiboekiko arbuioa, eta herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea oinarri duen konponbide politikoaren aldeko jarrera, gure gizartearen gehiengo zabalak partekatzen dituen oinarriak dira. Uneotan, ahalegin bereziz defendatu eta sendotu beharrekoak.


Egoeraren larritasunak interpelatu egiten gaitu demokrazia, justizia eta askatasunak maite ditugun guztiok, gure aukera ideologikoetatik harago. Horregatik, injustizien aurrean herritarren mobilizazioan sinesten dugu eta etorkizunean Gure Eskuk deitutako mobilizazioetan parte hartzeko konpromisoa hartzen dugu, urriaren 19an Donostian egin genuen legez.



Galdakaon, 2019ko urriaren 30ean