Igo
  • 2018/11/21

Kaleko jarduera bat eta birziklatzeko totemak instalatuko dira Galdakaoko Hondakinen Prebentziorako Europako Astean

Galdakaoko udalak, Ingurumenaren eta Garapen Jasangarriaren Arloaren bitartez, bosgarren biderrez bat egingo dau Hondakinen Prebentziorako Europako Asteagaz. Oraingo honetan informazio-gune bat jarriko da jolas eta tailerrakaz, eta birziklatzeko Totemak eregi eta instalatuko dira.


Informazio-gunea Agirre Lehendakariaren plazan jarriko da, eguenean, azaroaren 22an, 16:30etik 20:30era, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek, Ecovidrio eta Ecoembes-egaz batera, martxan jarri daben Birziklapenean jaioak gara/Reciclar es lo nuestro" sentsibilizazio-kanpainaren barruan. Kanpaina honetan informazio-gunea jarriko da jolas eta tailer parte-hartzailekaz, hondakinak sorburuan egoki bereizten  ikasteko. Oinezkoakaz komunikazio aktiboa egingo da era ludiko, parte-hartzaile eta dibertigarri batean, herritarren zalantzak eta kezkak jaso eta argitzeko helburuarekin, birziklatzeko bereizketari jagokonean.


Birziklatzeko Totemak eregi eta instalatzean, egiturak fabrikatuko dira berrerabilitako materialakaz (batez be paletak). Bertan erakustegi gisa edukiontzi bakotxera doazen hondakinak erakutsiko dira, edukiontziaren kolore-kodeagaz. Totem honeek Kurtzeko plazan egongo dira ikusgai, hilaren 22tik, eguenetik hasita, eta hondakinen prebentzio astea igarotakoan, udalerriko auzogune desbardinetatik eroango dira, edukiontzi-baterien ondoan jarriz, 15 eguneko epeetan.


Jarduera honeek azaroaren 17tik 25era izango dan hondakinen prebentziorako Europako Asteagaz batera burutuko dira, hondakinak gitxitu, berrerabili eta birziklatzea bultzatzeko helburuagaz.


"Uste dogu Totemak ipintea ekimen oso originala dala eta bateriaren erabiltzaile guztiengana helduko dala. Holan sorburuan bereiztearen garrantzia eta, ingurumenaren aurrean, denok kontsumitzaile gisa daukagun erantzukizuna azpimarratu gura da. Izan be, indibidualki gauza handia ez garala sentitzen dogun arren, tantaz tanta, hondakinak bereizten eta edukiontzi zuzenean ixten etxean egiten dogun esfortzu txiki hori ona da guztiontzat", nabarmentzen dau Ruben Seoanek, Jasangarritasun eta Parte-hartze Arloko Zinegotziak.