Igo
  • 2021/06/08

Kaleetako garbitasuna hobetu egingo da Galdakaon, langileak eta baliabide materialak areagotu baititu Udalak

Galdakaoko Udalak maiatzaren 27an egin zuen osoko bilkuran, herriko kaleak garbitzeko zerbitzua areagotzea onartu zen. Ekainean kontratu berria abian jarri eta funtsezko hobekuntza batzuk sartu dira, herritarrei zerbitzu hobea emateko asmoz.


Alde batetik, kaleak garbitzen diharduten langileen kopurua gehitu da: asteburuetan lanaldi partzialean aritzen ziren lau behargin lanaldi osoko langile izatera igaro dira, aste barruko ordutegira. Horrez gain, beste lau langile kontratatu dira asteburuetarako. Lanaldi partziala izango dute horiek. Aipatzekoa da kontratatu diren lau behargin berrietatik bi emakumeak direla, andrek sarbide zaila izaten duten lanpostuak baitira. Berdintasunerako Legea betez, eta generoa alde batera utzita, pertsona guztiei aukera berberak eskaintzeko ahaleginean aurrera egin du horrela Udalak.

Giza baliabideak handitzeaz gain, zerbitzua nabarmen hobetzen lagunduko duten baliabide materialak ere sartu dira. Alde batetik, ekortzeko makina elektriko berria erosi da, eta honi esker, ekorketa mekanikoaren bidez garbitu beharreko gune kopurua handitu ahal izango da, emaitza hobetuz; eta bestetik, edukiera handiagoko kamioi bat gehitu da, tamaina handiko hondakinak biltzeko, zabortegira egiten den bidaia kopurua murriztuz. Bi erosketa horien bitartez, zerbitzuaren eraginkortasuna hobetuko da.

Bestetik, egun bat gehitu zaio tamaina handiko hondakinen bilketari. Hondakin mota horien bilketa mantenduko da astearteetan (erdialdean) eta asteazkenetan (auzo periferikoetan), eta beste bilketa bat egingo da ostiraletan, zerbitzua handitzeko. Edozein kasutan, Udalak gogoratu nahi du tamaina handiko hondakin horiek ateratzeko beharrezkoa dela aldez aurretik jakinaraztea 944010500 telefonora deituta, abisu hori jasotzean soilik joango baitira gune jakin horretara hondakin horiek jasotzera.