Igo
  • 2020/05/01

Kale batzuk oinezkoentzako bihurtuko ditu udalak asteburuetan, kalera ateratzean segurtasun distantziak manten daitezen

Iritsi da konfinamendua malgutzen hasteko unea eta bihartik aurrera gehiago atera ahalko dugu kalera. Hala ere, babes neurriak zorrotz mantentzeko garrantziaz ohartarazi dute adituek, orain arte egindako pausoak ezerezean gera ez daitezen. Herritarren arteko distantzia mantentzea da funtsezkoena, eta hori errazteko neurriak hartu ditu Galdakaoko Udalak: bost kaletan oinezkoentzako bihurtuko ditu tarte batzuk bihartik aurrera asteburuetan, ibiltzeko leku gehiago egon dadin eta gutxienezko distantziak mantentzea ahalbidetu dadin.


Eremu hauetatik aterako dira ibilgailuak, oinezkoentzako bihurtzeko: Olabarrietako, Muguruko, Gipuzkoa kaleko eta Ibaiondoko tarte zehatz batzuetan (ikus erantsitako irudiak).


Bihar larunbata egingo da aldaketa aurrenekoz, eta etzi ere hala mantenduko da. Aurrerantzean, astebururo errepikatuko da neurria, orduan izaten baitira jende pilaketak sortzeko arrisku handienak. Konfinamendua malgutzeko aldiak indarrean dauden bitarteko asteburuetan egongo dira gune horiek oinezkoentzako bihurtuta, aldatzeko premiarik sortzen ez bada: maiatzeko eta ekaineko asteburuetan.


Galdakaoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie, beste behin, herritarrei zein herriko eragileei erakusten ari diren jarreragatik, arduratsu aritzeko deia gogoratzen die guztiei, eta zabaltzen ari diren aukera txiki bakoitzekin gozatzekoa ere bai. Gutxiago falta da! Denon artean lortuko dugu!


---

Oinezkoentzat bihurtuko diren kaleak (PDF)