Igo
  • 2022/04/11

Jon Maiak, ‘Altsasu’-k eta Chica Sobresaltok are gehiago aberastuko dute Torrezabal maiatzean

Eskaintza oparoa prestatu du Galdakaoko Udaleko Kultura arloak maiatzerako. Torrezabal Kultur Etxean dagoeneko iragarrita dauden eskaintza, beste hiru ikuskizun handik osatuko dute: urtarrilean egitekoa zen baina atzeratu behar izan zen ‘Altsasu’ antzezlana maiatzaren 15ean eskainiko da; Jon Maiak ‘Kantu Bat Gara’ kontzertua eskainiko du Torrezabalen maiatzaren 5ean; eta Chica Sobresalto maiatzaren 28an etorriko da “Bailando Raro” kontzertuarekin. Hiru ekitaldi handi horiei, aurrez iragarrita zegoen eskaintza oparoa gehitu behar zaio.

Hori horrela, Aste Santuaren ostean, apirilaren 30ean, 20:00etan, Trapu Zikinak ikuskizuna eskainiko da Torrezabalen. Geuretik Sortuak (euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatzen dituen zirkuitua) ekimenari esker, garbilekuetan aritu ziren arbasoei omenaldia egingo zaie. 

Maiatzean honako kultur ikuskizun hauek eskainiko dira:

  • Maiatzaren 5ean, 20:00etan, Jon Maiaren Kantu Bat Gara kontzertua. Bertsolari zumaiarrak berak idatzitako letrekin kantari ugarik ondu dituzten kantu ezagunenak aurkeztuko ditu, “kontzertu bat baino gehiago, kantuari eta letragintzari eginiko gorazarrea” egingo die.
  • Maiatzaren 6an, 20:00etan, La Tarara antzerki obra. Gaztelaniaz izango da, eta 70ko hamarkadan Bilboko San Francisco auzoko gizon gorputzean jaiotako emakume baten istorioa kontzen du, alabarik gabeko ama eta amarik gabeko alaba batena. Musika, antzerkia eta poesia uztartzen ditu ikuskizunak.
  • Maiatzaren 14ean, 18:00etan, Perez Sagutxoa antzerkia. Ipuin klasiko moduan, komedia lehenetsiz, beti ere dantzekin eta abestiekin jolastuz, alegiazko istorio hau kontatuko da. Istorioaren erdigunean zaintza izango da; persona ahulenen zainketak hain zuen ere, hala nola etxeko zaharrenak edota haurrak.
  • Maiatzaren 15ean, 19:00etan, Altsasu ikuskizuna. Urtarrilean zen emanaldia eskaintzekoa, baina atzeratu behar izan zen. Hori dela eta, sarrera daukaten pertsonek bi aukera izango dute, alde batetik, sarrera itzuli Torrezabal Kultur Etxeko leihatilan, edota sarrera mantendu eta egunean bertan, sarrera trukatu, Torrezabaleko leihatilan.
  • Maiatzaren 20an, 20:00etan, LOF (Ladies on Fight) emankizuna. Dantza-ikuskizun tragikomikoa da, eta emakumezkoen borroka librearen formatua dauka. Ring bat, lau borrokalari, final bat eta batek bakarrik irabaz dezake. Dantza eta umorea uztartzen dituen borrokaldian zenbait gai jarriko dira soken kontra: prekarietatea, lehiakortasuna, eguneroko sexualizazioa… Gaztelaniaz izango da Eva Guerreroren emanaldia.
  • Maiatzaren 27an, 20:00etan, Album obra. Formol Laborategiaren eskutik, gazteek gazteen inguruan hausnartuko dute. Lan eroa, barregarria eta gaztea eskainiko du Formol Laborategiak, Sormeneren lanketaren barruan. 
  • Maiatzaren 28an, 20:00etan, Chica Sobresaltoren Bailando Raro kontzertua. Maialen Gurbindo Atarrabiako abeslariaren azken diskotik abiatutako bidaia bat da. Maitasunaz, sexu-askatasunaz, selekzio naturalaz eta horrek ematen duen min handiaz mintzatzen da. 

Maiatzeko emanaldietarako sarrerak gaur bertan jarriko dira salgai ohiko bideetan.