Igo
  • 2021/12/03

Inoizko aurrekonturik handienak onartu ditu Galdakaok, aldeko 12 boto, 6 abstentzio eta kontrako 3rekin

Iaz, 2021eko aurrekontuetarako egin zen proposamena baino %18,33 handiagoa da Galdakaok 2022rako onartu duena: 39.420.943 eurokoa. Inoizko konturik handienak dira, eta inoiz baino lehenago onartu direnak. Gobernu taldea osatzen duten EH Bildu (6), Auzoak (3), Usansolo Herria (2) eta Podemoseko (1) zinegotziek babestu dituzte datorren urterako kontuak aldeko botoekin, EAJko 6 zinegotziak abstenitu egin dira, eta PSE-EE  ordezkariek (2) eta atxiki gabeko zinegotziak (1) kontra bozkatu dute. Udal gobernuak guzti horien hainbat zuzenketa eta proposamen aintzat hartu eta aurrekontuetan txertatu ditu, hala ere.

Abenduaren 3an onartu dira kontuak eta kudeaketa onaren erakusle da hori, Maite Arandia Ogasun zinegotziaren esanetan. Izan ere, horrek esan nahi du kontuak onartu ondorengo tramite guztiak eginda, urte berria hasterako eskura izango dela proiektuak lehen egunetik gauzatu ahal izateko dirua.

Kopuruari dagokionez, %18,33 gehiago izateak hazkunde ikuspegia ekarriko dio herriari, eta aipagarria da igoera hori tasa eta zergak handitu gabe egin dela. Zenbakiei dagokienean, Giza Baliabideetara 11.388.729 euro bideratuko dira (2021eko aurrekontuetan baino %9,26 gehiago); Ogasun eta Ondarera 813.700 euro (%14,38 gehiago); Hezkuntza eta Musika Eskolara 1.193.166,83 euro (%3,76 gehiago); Gizarte Ekintza, Enplegua eta Sustapen Ekonomikora 5.188.462 euro (%11,63 gehiago); Kultura, Kirola, Jaiak, Berdintasuna eta Gazteriara 4.001.724,12 euro (%13,16 gehiago); Hirigintza, Ingurumena eta Etxebizitzara 13.951.440 euro (%35,07 gehiago); Euskara eta Euskaltegira 1.324.829 euro (%5,72 gehiago); Udaltzaingora 313.232 euro (%3,53 gutxiago); Informatika, Idazkaritza eta Zerbitzu Orokorretara 931.360 euro (%49,69 gehiago); eta Alkatetzara 314.300 euro (%0,55 gutxiago).

Kontuek gordetzen duten filosofiari dagokionean, oinarrian aniztasuna eta parekidetasuna daudela azaldu du Arandia Ogasun zinegotziak; aurrekontu solidario eta sozialaren proposamena dela aurkeztutakoa, pertsonak udal ekintzaren erdigunean jartzen dituela, eta ondorioz, herritarrei bizitza erraztea duela helburu. Norabide hori erakusten duten eta diruaren zati handi bat eramango duten hainbat proiektu jarri ditu nolakotasun horren erakusgarri:

  • Etxebizitza: Alde batetik, 60 zuzkidura bizitoki eraikiko dira, etxebizitza eskubide sozial gisa ulertuta. Etxe gabeziak herrian gehien eragiten dien kolektiboei zuzenduta egongo dira bizitoki horiek, eta Eusko Jaurlaritzarekin lortutako akordio bati esker, proiektua diruz lagunduko du Jaurlaritzak. Hirigintza alorreko partidaren diru zati handia eramango du bizitoki horien eraikuntzak: 1.735.000 euro. Beste hainbat neurri ere hartuko dira etxebizitzaren inguruan datorren urtean: larrialdi egoeretarako diren udal etxebizitzei helduko zaie, eta beharrezko altzariak erosiko dira larrialdi egoeretan erabilgarri egon daitezen. Bestetik, hutsik dauden etxebizitzak alokairuan jar daitezen sustatuko da, esaterako.
  • Udalerriko ekonomia eta gizarte ehuna indartzeko helburuz, handitu egin da Gizarte Ekintzara eta Ekonomia Sustapenera zein Enplegura bideratutako diru kopurua: % 11,63 handiagoa izango da 2022an.
  • Udalerriko auzoak lotuko dituen hiri autobusa gauzatzea ahalbidetuko duen partida da esanguratsuetako beste bat. Herritarrek urtetan eskatu duten autobusa datorren urtean martxan jarriko dela ziurtatzeko 275.000 euroko partida bideratuko zaio egitasmoari.
  • Zeharkakoak izanik alor guztiei eragiten dieten gaiak ere bereziki zaintzeko neurriak jasotzen ditu datorren urterako aurrekontuak: planetaren iraunkortasuna ahalbidetuko duten neurriak; gizon eta emakumeen berdintasun eta ekitaterakoak; euskara suspertzearen aldekoak; eta herritarren parte hartzea bermatuko dutenak. Azken honekin lotuta, bai erabakietan eta bai edozein motako ekintzetan parte hartu ahal izateko informazioa herritarrei helarazteko baliabideetan zein gardentasunean sakontzekoetan ere inbertituko du Udalak. Aurrekontu parte hartzaileei dagokienez, Ibaizabal ingurua atontzea erabaki zuten herritarrek. Udalak milioi bat euro jarriko ditu proiektu horretarako. Baina egitasmo handia da eta denboran luzatuko da; lanak ezingo dira urte bakarrean amaitu. Hortaz, 2022rako aurrekontuetan 500.000 euro gorde dira herritarren erabakia gauzatzeko, eta 2023an beste horrenbeste egingo da.
  • Udala kulturarekiko egiten ari den apustua agerikoa da eta horren adibide da, esaterako, Sormene. Urteotan hainbat egitasmoren bidez egiten ari den ahaleginari esker, kultur erreferente bihurtzen ari da Galdakao Euskal Herri mailan, eta bide horretan jarraituko da datorren urtean ere.
  • Memoria historikoa berreskuratzea da beste apustuetako bat. Alkatetza alorrari dagokio gaia, eta horrexek eramango du Alkatetzako diru gehiena: datorren urtean 85 urte beteko dira Galdakao bonbardatu zutena, Tximiolarreko aterpea erabilgarri jar daitekeen aztertzeko ikerketa egingo da, 1936ko Gerraren inguruko azalpen-panel gehiago jarriko dira herrian zehar, eta 1938an fusilatu zuten Pedro Asuaren gorpuzkiak Galdakaora ekartzeko ahaleginean jardungo du Udalak.
  • Bestetik, langileen behin-behinekotasun kopuru handia iraultzeko asmoz, udal langileak egonkortzeko hainbat prozesu egingo dira. 2022rako eta 2023rako lantzen ari diren Lan Eskaintza Pubilkoak garatzeko partidak sartu dira, baita 2022rako Lan Eskaintza Publikorako beste deialdi bat egiteko ere.

Bai EAJk eta bai PSE-EEk aurkeztutako zuzenketa batzuk gehitu dira aurrekontuetan; proiektu horietako batzuk egitea aurreikusita zuen Udalak, eta gainontzekoak ere herritarrentzat egokiak direla ondorioztatu du. Hauek dira zuzenketa bidez aurrekontuetan txertatu diren neurriak: EAJren eskariz Bekeako harraska konpontzea, Abusu-Bekearako sarrera egokitzeko proiektua egitea, eta Unkina eskolako saskibaloi gunea estaltzea; PSE-EEren eskariz, Urtebieta eta Zuhatzaurre arteko arrapalen proiektua egitea onartu da. Atxiki gabeko zinegotziak ez zuen zuzenketarik erregistratu, baina, hala ere, bere proposamenak aintzat hartuko direla jakinarazi dute gobernuko ordezkariek, eta esaterako, Olabarrieta-Trokako argiteria hobetuko dela. Hala ere, bai atxiki gabeko zinegotziak eta bai PSE-EEkoek, aurkako botoa eman diete aurrekontuei.

Kontuen onarpenaz gain, bigarren puntu bat ere bazuen ez ohiko plenoak: lau udaltzainentzako Lan Eskaintza Publikorako prozedura onartzea. Aho batez onartu da erabakia.

Bestetik, Juanjo Garai udaltzainaren heriotza dela eta, Iñigo Hernando alkateak doluminak adierazi dizkie senide eta lagunei korporazio guztiaren izenean.

Azkenik, Euskararen Nazioarteko Eguna gogoratuz, adierazpena irakurri du Euskara zinegotziak osoko bilkura amaitutakoan. Adierazpen hau EH Bilduk, Auzoakek, UHk, PSEk, Podemosek eta zinegotzi ez atxikiak babestu du. EAJk ez du babestu.

2021eko Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpena