Igo
  • 2021/05/27

Ingurumenari egindako ekarpenak azaldu dizkiote Galdakaoko ikasleek alkateari: mugikorra pedalkadaka kargatzeko gailua eta latak zanpatzeko makina, besteak beste

Ingurumena babestearen inguruko kontzientzian sakondu eta iraunkortasunean modu praktikoan eragiteko ahaleginean, hainbat proiektu egin dituzte Galdakaoko ikastetxeetan ikasurte zail honetan ere, Eskola Agenda 2030 proiektuaren barruan. Hausnartu, konpromisoak hartu eta proiektu zehatzak landu dituzte Andra Mari Lanbide Heziketako, Bengoetxe institutuko, Eguzkibegi Ikastolako, Elexalde institutuko, Galdakao Helduen Hezkuntzarako ikastetxeko eta Ostalaritza Eskolako ikasleek. Horien ordezkariak udaletxean egon dira gaur goizean, eta egin dituzten proiektuen berri eman diete zuzenean Iņigo Hernando alkateari, Nerea Orozko Ingurumen zinegotziari eta Ainara Tellaetxe Ingurumen teknikariari. Ikastetxeetan hartu dituzten konpromisoen berri ere eman diete, eta udal ordezkariei konpromiso zehatzak eskatu ere bai. Horiei zein beste galdera batzuei ere erantzun diete udal ordezkariek pleno aretoan egindako bilkuran.

Honako egitasmoak gauzatu dituzte Galdakaoko ikastetxeek ikasurte honetan, beste askoren artean:

- Latak zanpatzeko makina bat sortu dute Andra Mari Lanbide Heziketako ikasleek.

- Bengoetxen, besteak beste, ortua landu eta erleen tailerra egin dute.

- Helduen Hezkuntzako ikasleek kale inkestak egin, eta literaturaren bidez eko-asmoak zein desioak landu dituzte.

- Eguzkibegi ikastolakoek inguruan dituzten landare inbaditzaileak kendu dituzte, astebetean sortzen den hondakin kopurua bildu eta ikusarazi dute, eta urari buruzko ikerketa egin dute, besteak beste.

- Gailu berezia sortu dute Elexalden ere: bizikletari eraginaz betetzen den mugikorrentzako kargadorea.

- Ostalaritza Eskolakoak ekonomia zirkularra oinarri hartuta aritzen dira, egunero egiten dute konposta eta hondakina bereizten, menu solidarioak prestatzen dituzte eta Lesboseko errefuxiatuentzako esne bilketan parte hartu dute.

Konpromisoak ere adostu dituzte herriko sei ikastetxeetako ikasleek: plastikoaren erabilera murriztuko dutela agindu dute, produktu ekologiko gehiago erabiliko dituztela eta ikastetxeetan papera, plastikoa, pilak, gailu elektronikoak, kapsulak etabar biltzen jarraituko dutela. Datorren ikasturtean ogitartekoentzako erabiltzen duten aluminiozko bildukien gehiegizko erabilerari buruzko kanpaina egingo dutela adierazi dute, eta ahalik eta plastikozko poltsa gutxien erabilteko konpromisoa hartu dute. Halaber, elikagaiak proportzioan erosi eta zaborretara ahalik eta gutxien botatzeko konpromisoa hartu dute, eta "zero hondakin" kontzeptua euskarri digitalen bidez zabaltzekoa. Hozkailu solidarioaren enpresarekin harremanetan jarriko direla ere adierazi dute.

Udalari, beste zortzi eskaera egin dizkiete ikasleek, eta horiei banan bana erantzun die Orozko zinegotziak:



- Hozkailu solidarioak leku gehiagotan jartzeko eskatu diote ikasleek. Orozkok esan du, behar hori inork izan ez dezan lan egin behar dutela instituzioek eta horretan arituko direla.

- Dendetan paperezko poltsen erabilera sustatzea proposatu diote Udalari eskoletakoek, eta, Orozkoren hitzetan papera plastikoa baino hobea den arren, berrerabiltzearen aldeko apustua egin behar da, eta beraz, telazko poltsen apustua egin du. Bide horretan, Dendari Elkartearekin telazko poltsak banatu izan dituela azaldu du.

- Bertako produktuak saltzen dituzten denden katalogoa egin eta zabaltzeko ere eskatu dute ikasleek, eta konpromisoa hartzen duela esan du zinegotziak.

- App-etan eskaintzen diren bigarren eskuko produktuak erabiltzeko kanpaina egiteko proposatu dute, bestetik, eta zinegotziak, kontsumoa kontrolatu eta behar dena soilik erostearen aldeko apustua egin du.

- Galdakaoko establezimenduetan soberan dagoen janariarekin zer egin adosteko eskaerari, gaia lantzeko konpromisoa hartu du Orozkok. Uneotan, jatetxeak bizitzen ari diren egoera zailaren aurrean zail ikusten du lanketa egitea, baina aurrerago, ostalari eta dendariekin soberakinak nola bideratu aztertuko duela iragarri du.

- Plastikozko produktuen erabilerari buruz kontzientzatzeko konpromisoa hartu du zinegotziak.

- Udalaren eta Coca Colaren artean, ontzien truke dirua itzuliko duen edukiontzi bat jartzeko ere eskatu dute ikasleek. Coca Cola enpresa pribatua dela eta ez dakiela proposamenak ibilbiderik izan dezakeen azaldu du Orozkok. Hala ere, gaia aztertzekotan geratu da.

- Tokiko produktuen kontsumoa sustatzeko kanpaina egiteko proposamenaren aurrean, hartarako asmoa duela erantzun du zinegotziak, eta bere egin du konpromisoa.

Alkateak, ikasurtean egindako lanketagatik eta plazaratutako proposamenengatik eskerrak eman dizkie ikasle zein irakasleei, eta ingurumena babesteko lanean jarrai dezatela eskatu die, "gugatik eta etorriko direnengatik". Izan ere, alkatearen hitzetan, une historikoa da honakoa ingurumenari dagokionez; giltzarria.

Jardunaldian parte hartu duten ordezkariek udaletxearen aurrean argazkia eginda amaitu dute saioa.