Igo
  • 2022/06/01

Ingurumenari dagokionean ikasurtean landu dituztenak azaldu, eta neurri zehatzak proposatu dizkiote ikasleek alkateari

Andra Mari Lanbide Heziketako, Bengoetxe BHIko, Galdakao HHIko, Eguzkibegi Ikastolako, Elexalde BHIko eta Ostalaritza LHIIko ikasleek Eskolako Agenda 2030 egitasmoan parte hartu dute ikasurte osoan zehar: ingurumenari buruz hausnartu dute, egitasmo zehatzak gauzatu dituzte, jasangarritasunaren aldeko konpromisoak hartu dituzte, eta Udalari egiteko proposamenak landu dituzte. Gaur aurkeztu dute ikasurte osoko lanaren emaitza udaletxeko pleno aretoan, Iñigo Hernando alkatearen, Nerea Orozko Ingurumenerako zinegotziaren eta Ainara Tellaetxe Ingurumen teknikariaren aurrean. Horiek, ikasleen proposamenak entzun, eta egindako proposamenei erantzun diete, banan bana. 

Honakoak dira ikasleek egindako proposamenak eta alkateak, zinegotziak eta teknikariak emandako erantzunak:

  1. Hiri autobus elektrikoa. Auzoak lotuko dituen halako autobus bat jartzeko lanketan ari dela azaldu du alkateak.
  2. Energia gastua murrizteko argiteria kontrolatzea eta ahal denetan eguzki plakak zein sensoreak jartzea. Energiaren gastua neurtzeko auditoria bat egin dela azaldu du teknikariak, eta datozen urteetarako inbertsioak etorriko direla: kontsumoa gutxitzeko led argiak eta plaka fotovoltaiko komunak, besteak beste.
  3.  Berdegune natural gehiago. Nahi hori baduela baina herria eraikinez bete zela eta hortik berdeguneak sortzea zaila dela azaldu du alkateak. Hala ere, horren inguruan hausnartu dutela eta saiatuko dela adierazi du.
  4. Irisgarritasuna hobetzeko espaloiak jeistea etabar. Udala lan horretan ari dela azaldu die alkateak. Dagoeneko gune batzutan egin dela, eta gehiagotan egingo direla lan horiek.
  5. Bidegorriak. Proiektu zehatzen lanketan ari dela eta gauzatuko den lehen zatia Aperribaitik Bengoetxer artekoa izango dela azaldu die alkateak ikasleei. Joan-etorriak bizikletaz egiteko bideen sarea egin nahi duela, baina pixkanaka egin behar direla.
  6. Informazio kanpainak. Ingurumenaren eta birziklapenaren inguruko kanpainak egiten direla kontatu dute teknikariak eta zinegotziak.
  7. Galdakaoz gozatzeko ibilbideak prestatzea. Lanketa hori egiten ari dela jakinarazi diete alkateak eta zinegotziak ikasleei. Azken urteetan adibidez hainbat mendi ibilbide seinalizatu direla Ganguren Mendi Taldearekin batera, eta ibilbideen planoa ere argitaratu dela. Horiek hartzeko aukera eman diete ikasleei.
  8. Partekatutako autoak antolatzeko plataforma prestatzea. Alkateak eta teknikariak azaldu dute horren eskumenik ez duela Udalak eta hori erabiltzaileen artean antolatu behar litzatekeela, adibidez lantokietara elkarrekin joateko.
  9. Dirua itzultzeko makinak botila hutsen truke. Horren eskumena ez du Udalak, eta, horrelako ekimen baterako, ekoizleak eta salmenta enpresek jarri beharko lukete ados. Hala adierazi du alkateak.

Ikasleen, irakasleen, Agendarako Eskola 2030 egitasmoko kideen eta Udaleko ordezkarien arteko galdera-erantzunekin eta solasaldiarekin amaitu dute aurkezpena. Iñigo Hernando alkateak, eskerrak eman dizkie ikasleei egindako lanagatik, eta bide horretatik jarraitzera dei egin die, etorkizuna haien esku dagoela gogoratuta. Ikastetxeetako egitasmoko kideek Udalaren eta alkatearen harrera eta prestutasuna eskertu dute.