Igo
  • 2021/04/27

Indarkeria Matxistaren Aurkako Plan Integrala lantzen ari da Galdakaoko Udala lehen aldiz; diagnostikoan parte hartzera deitu ditu herritarrak

Galdakaoko Udala, Berdintasun Arloaren bitartez, herriko Indarkeria Matxistaren Aurkako I. Berdintasun Plana izango dena lantzeko prozesuan murgilduta dago.

Indarkeria Matxistaren Aurka Borrokatzeko Plan Integrala indarkeria matxista herritik baztertzeko zeharkako konponbide integralak proposatuko dituen tresna izango da, eta horretarako, indarkeria matxistaren adierazpen guztiekiko prebentzioa eta zero tolerantzia sustatuko du herritarren artean, eta gai honetan parte hartzen duten eragileen arteko koordinazio esparruak sortzen lagunduko du, biktimei emandako arreta jarduera integratu eta koordinatuen bitartez hobetzeko asmoz, banakako zein taldekako kaltearen erreparazioan lan egiteaz gain. Horretarako, 6 ardatz estrategiko izango ditu:

1- Prebentzioa

2- Detekzioa

3- Harrera

4- Koordinazioa

5- Erreparazioa

6- Erantzun Publikoa

Planaren diagnostikoaren lehen fasea lantzeko, talde eragile bat sortu da, gaiarekin inplikatuta dauden Galdakaoko Udaleko zenbait zerbitzutako ordezkariek osatua. Talde eragile hau arduratu da lan prozesu osoa kontrastatzeaz eta Plana egiteko estrategiak zehazteaz. Horretarako, indarkeria matxistaren aurkako jarduera ikuspegi integral batetik aztertu du eta zerbitzuak, programak, koordinazio esparruak, zailtasunak, pertzepzioak, aukerak eta abar berrikusi ditu.

Honakoak dira aipatutako estrategiak:

- Galdetegiak prestatzea, herritarrentzat zein indarkeria matxistatik bizirik atera diren emakumeentzat, baita Galdakaon indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeei arreta ematen dieten bestelako eragileentzat ere.

- Elkarrizketak eragile garrantzitsuekin eta indarkeria matxista edozein modutan jasan duten emakumeekin.

- Eztabaida taldeak sortzea gizarteko hainbat sektoreren partaidetzarekin: gazteak, emakume elkarteak, kargudun politikoak eta indarkeria matxista jasan duten emakumeei arreta ematen dieten profesionalak, baita biktimak berak ere.

Diagnostikoa lantzeko testuinguru horretan, herritarrei zuzendutako galdetegi bat prestatu da indarkeria matxistari buruz eta Udalak esparru honetan ematen duen zerbitzuari buruz duten pertzepzioa ezagutzeko. Esteka honen bidez eskura daiteke:


Galdakaoko Udalak herritarrak animatu nahi ditu Plan honen lanketan parte har dezaten. Izan ere, guztion artean soilik lortuko da aurrerapausoak ematea indarkeria matxistaren adierazpen guztiak behin betiko gure gizartetik ezabatzeko. Hartara, aipatutako estekan sartu eta galdetegia erantzutera gonbidatzen ditu herritarrak.

Guztion artean lortuko dugu.