Igo
  • 2021/11/19

Igandean musika banda eta magiarekin hasi, eta ostegunean folkarekin amaituko da 30. Musika Astea

Galdakaoko Musika Asteak 30. edizioa izango du aurtengoa, eta, iazko apaladiaren ondoren, indartsu eta koloretsu itzuliko da aurten; proposamen berritzaile eta erakargarriekin beteko du astea, Maximo Moreno Musika Eskolak antolatuta: Musika bandaren doinuen eta magiaren uztarketa ezagutzeko aukera izango da, adibidez, eta haurrak jazzean murgiltzeko emanaldi dibertigarria. Baita txistu bandaren kalejira ere, haize-boskotearen emanaldia, eta bibolin eta gitarra bikotearena.

Igandean hasiko da Musika Astea, baina aurrez, kulturaz betetako asteburua izango da Galdakaon: Sormene azken txanpan sartuta dago eta eskaintza zabala du oraindik Kurtzeko Plazan jarritako karpan; horrez gain, Kerobiak, hiru kontzertuko itzulera bira esklusibotik lehen kontzertua egingo du larunbatean Torrezabalen; gospel kontzertua ere izango da herrian, Santa Maria elizan, Ugandako Aba Taano taldearen eskutik. Sormene igandean amaitu, eta igandean bertan emango zaio hasiera 30. Musika Asteari. Hain zuzen, Galdakaoko Udala kulturaren alde egiten ari den apustuaren erakusgarri izaten ari da azaroa, Iņigo Hernando alkatearen hitzetan.



Musika Astearen programazioa Olaia Parra Kultura zinegotziak aurkeztu du, alkatearekin batera egindako agerraldian. Hona Torrezabal Kultur Etxean gauzatuko den egitaraua:

📅  Igandea, azaroak 21, 13:00etan: Da Capo Musika Bandaren "Magic Melody". Emankizun berezia izango da, bandaren musika eta Hogei Magoaren ikuskizuna uztartuko baititu, haurrei eta familiei begirako saioan.

📅  Astelehena, azaroak 22, 19:00etan: Galdakaoko Ad Libitum txistu bandak kalejiran gogoratuko du Musikarien Eguna dela.

📅  Astelehena, azaroak 22, 19:30ean: Oreka Reed Quintet haize boskoteak pandemian bizitako sentipenak azalarazikko ditu, eta asmo horrekin espresuki sortutako obra bat estreinatuko du emanaldian.

📅 Asteartea, azaroak 23, 19:30ean: Noa Lur-en "Jazz for Children". Proposamen dibertigarria da, haurrak jazzaren munduan murgiltzea helburu duena.

📅  Asteazkena, azaroak 24, 19:30ean: Tatiana Romero eta Bernardo Garcia bibolin eta gitarra bikoteak kontzertu klasikoagoa eskainiko dute, Vivaldi, Falla eta Piazzollaren obrak interpretatuko baitituzte.

📅  Osteguna, azaroak 25, 19:30ean: Euskal Herriko eta Argentinako doinu eta erritmoak uztartuta, une atsegina igarotzeko eskaintza egingo du Bitartean folk taldeak.

Musika Eskolako ikasleentzat doakoak dira kontzertu guztietarako sarrerak eta dagoeneko banatu dituzte eskolan bertan. Gainontzekoek, Torrezabaleko takilan zein online hartu ahalko dituzte sarrerak. Ilarak saiheste aldera, online aukera baliatzeko gomendatu du Udalak.

Musika Bandaren igandeko kontzertua doakoa izango da, eta gainontzeko emanaldietarako sarrerak 3 euro ordaindu beharko dira (Torrezabaleko bazkideek, langabetuek, nagusiek, elkarteek eta gazte txartela dutenek %25eko deskontua izango dute leihatilan.

Kultura modu seguruan gozatzen jarraitzeko deia egin du Galdakaoko Udalak.