Igo
  • 2020/04/17

Ibilgailuak desinfektatzeko zerbitzua emango dute boluntarioek bihartik aurrera

Koronabirusaren hedapena ahalik eta gehien murrizteko helburuz, Galdakaorako sarrera batean ibilgailuak desinfektatzeari ekingo diote boluntarioek bihartik aurrera. Suiltzaileen lokal zaharraren eremuan egongo da desinfekziorako lehen puntu hori.


Aurrez aurreko harremanaren bidez ez ezik, ukimenaren bidez ere kutsatzen da Covid-19 birusa. Hori dela eta, ibilgailuak desinfektatzeko neurria hartu da hainbat herrialdetan. Autoek gurpiletan garraiatzen dute batez ere birusa eta bidaiariek ukitzen dituzten eremuak ere kutsadura iturri izaten dira: ateetako heldulekuak eta maletategia, esaterako.


Kutsatzeak ahalik eta gehien saihesteko, ibilgailuak desinfektatzea proposatu du GBGE boluntario elkarteak. Eusko Jaurlaritzak birusaren aurkako neurriak hartzeko eskaini duen diru-laguntza horretara bideratzea proposatu du, eta udalak begi onez hartu du proposamena.


Lehen froga gisa, suhiltzaileen egoitza izandakoaren inguruan gauzatuko da desinfekzioa. Larunbatetik aurrera, 08:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da martxan, eta Galdakaoko Zaindu sareko hiruzpalau boluntarioen artean egingo dute. Bi txandatan antolatuko dira, eta GBGE arduratuko da kudeaketaz.


Lehen frogaren emaitzak aztertu ondoren, zerbitzuaren ordutegia luzatu eta desinfekziorako gune gehiago prestatzeko aukera egongo da, beharren arabera.


Galdakaoko Udalak beste behin eskertu nahi du boluntariotza herrian egiten ari den lana eta ehunka herritar eta elkarteren arteko elkarlana txalotzen du. Guztion artean lortuko dugu!