Igo
  • 2021/09/08

Ibaizabal ingurua berreskuratzeari buruzko egitasmoa aukeratu dute herritarrek 2022ko aurrekontuetarako

Maiatzean Udalak hasitako parte hartze prozesuan, herritarrek erabaki dute zein proiektu txertatuko den 2022ko Galdakaoko udal aurrekontuetan: "Ibaizabal ingurua berreskuratzea, bai komunikatzeko bide gisa, bai erabilera ludiko eta turistikorako". Alde handiarekin gailendu da aurrez herritarrek beraiek egina zuten proposamen hori: bozketan parte hartu duten herritarren %65ek hautu hori egin dute, eta hurrengo proposamena boto emaileen %37k babestu dute.

Zehazki, 645 galdakoztarrek parte hartu dute botaketan eta boto gehienak webgunearen bidez eman dira; 10 bototik ia 8. Horietako gehienak, %55, emakumeak izan dira, %44 gizonak, eta %1 ez binarioa. Boto emaileen %43, bestetik, 30 eta 49 urte bitartekoak dira. Olaia Parra Parte Hartzerako zinegotziak, Maite Arandia Ogasun zinegotziak eta Unai Amezaga Parte Hartzerako teknikariak azaldu dituzte prozesua eta emaitza.

Ibaizabal ingurua berreskuratzeko helburua duen proposamena da parte hartze prozesuan gailendu dena. Hiri mugikortasun jasangarria hobetzeko neurri gisa aurkeztu da egitasmoa, Ibaizabal, ingurune natural modura, herriarekin eta bere kultura ondarearekin lotzeko proiektu gisara. Herritar guztiei onura ekarriko dien aldaketa dela nabarmendu dute sustatzaileek.

Hainbat alor jorratzen ditu proposamenak, eta oinezkoei zein bizikletei espazioak ematea du oinarrian. Aperribaitik Urretara bidegorria egonik, oinez zein bizikletaz ibiltzeko bide misto bat Bengoetxe paretik abiatzea proposatzen du. Mercadillo zubitik irten ahalko litzateke ibilbidea proposamenaren arabera, Zuhatzuraino ibaiondotik igaro, eta Plazakoetxen ibaiari jarraitu ahalko lioke. Edo bestela, skateparkeko eremura sartu eta Torrezabal zubiraino iritsi. Bertatik ortuen eta ibaiaren artetik jarraitu ahalko luke, Bekeako zubia igaro eta auzo horretaraino iristeko. Edozein kasutan, proposamenak horiek izan arren, nabarmendu behar da hainbat azterketa tekniko, historiko eta geologiko egin beharko direla ibilbideen bideragarritasuna aztertu eta trazatuaren nondik norakoa erabakitzeko.

Ibilbidean zehar atsedenleku txikiak egitea eta horietan bankuak eta paperontziak jartzea ere proposatzen du egitasmoak, eta Torrezabalgo zubian dauden hodiak kentzea.

Proiektua gauzatzeko milioi erdi euro beharko direla aurreikusi dute egitasmoa landu dutenek, eta bi urte inguru beharko direla gauzatzeko. Edozein kasutan, proposamenaren diseinuan aritu diren bizilagunek egindako lanean oinarritutako estimazioak dira horiek guztiak, eta beraz, litekeena da proiektuan egokitzapenak egin behar izatea. Kontutan hartu behar da eremu bakoitzeko bideragarritasuna zehatz aztertu behar dela, eta, ibaiarekin lotutako eremua izanik, besteak beste URA agentziaren baimenak beharko direla.

Horrenbestez, azterketa xehatua eta proiektua egiteko prozedura osoa jarri behar da martxan orain, eta hainbat ezaugarri birdefinitu beharko direla pentsatzekoa da. Estimazio ekonomikoari dagokionez ere, oso litekeena da aurreikusi baino kostu handiagoa behar izatea proiektua egikaritzeko. Proiektu tekniko erreala egiten denean aurrekontua milioi bat euro baino txikiagokoa bada, aberastu eta osatu egingo du proiektua Udalak, eta aurrekontu parte hartzaileetarako gordetako milioi osoa erabiliko da. Konpromiso hori hartu du gobernu taldeak.

Prozesuaren balorazioa egiterakoan, baikor agertu dira Udaleko ordezkariak: "Gobernuaren aldetik, aurtengo apustua proposamenetan sakontzea eta eraikuntza kolektiboa egitea izan da eta gure lehen balorazioa positiboa da". Herritarrekin egindako lana nabarmendu dute, herritarren eta udaleko teknikarien elkarlana, eta elkarte zein auzo gehiagotara iritsi izana.

"Badakigu bidea luzea dela, gure azken helburua asmo handikoa delako: herri kohesionatu eta parte hartzaile bat lortzeko lan egitea", adierazi du Arandiak. Prozesuan modu batean zein bestean parte hartu dutenen lana eskertuta amaitu dute emaitzaren berri emateko agerraldia, talde eragilean aritu diren herritar zein teknikoen konpromisoa espresuki aipatuta.