Igo
  • 2019/11/21

Hondakinak hobeto bereizten ikasteko tailerra eta etxean konpostatzeko prestakuntza, datorren astean

Ahalik eta hondakin gutxien sortzeak eta ahalik eta gehien birziklatzeak ingurumenean eragin zuzena duela eta, bide horretan eragile izan nahi du Galdakaoko Udalak. Ekintza zehatzak proposatu ditu horretarako, eta Hondakinen Prebentziorako Europako Astea dela baliatuta, bi formazio mota emango ditu datorren astean: batetik, edukiontzi grisera botatzen den zabor guztia benetan errefusa den ikasteko tailer bat egingo da hurrengo ostegun arratsaldean. Bestetik, etxeko konpostajea nola egin erakutsi eta hartarako materialea banatuko da bi egunetan: azaroaren 28an bertan, eta abenduaren 4an. Azken jarduera horretarako izena eman behar da.


Hondakina ondo bereizten ote dugun ikusteko, errefusaren edukiontzietan zer biltzen den aztertuko da lehen tailerrean. Batutako hondakinak atera, aztertu, eta birziklatzeko bereizi daitezkeenak banatu egingo dira. Musikaz lagundutako ekitaldi arin eta dinamiko batetan, megafono bidez azalduko dira edukiontzian aurkitutakoak eta horiek zein edukiontzitan bota behar liratekeen. Hurrengo ostegunean izango da ekitaldi irekia 17:00ak eta 18:00ak bitartean, Kurtzeko plazan.


Konpostajea egiteko prestakuntza, bestetik, lorategia edo baratzea duten galdakoztarrei zuzendutako ikastaroa izango da. Informazio saio horietan, konposta etxean egiteko jarraibideak azaltzeaz gain, beharrezko materiala emango zaie etxean konposta egin nahi dutenei: konpostagailua, aireztagailua eta gida.


Hurrengo ostegun arratsaldean izango da ikastaro horietako bat, eta hurrengo astean bestea, abenduaren 4an. Horietan parte hartzeko izena eman behar da. Saioaren egun bera arte egongo da zabalik izen ematea.


Konpostagailua jartzeko erabakia hartzen duten herritarrek erabiltzaileek bisita teknikoa jasoko dute hiru hilabeteko tartean, zalantzak argitzeko eta konpostatze prozesu egokirako aholkuak jasotzeko.


"Jatorrizko bereizketaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, bai eta gutako bakoitzak, hondakinen kontsumitzaile eta ekoizle garen aldetik, ingurumenarekiko dugun erantzukizuna ere", adierazi du Nerea Orozko Garapen Jasangarrirako zinegotziak. "Ale bakoitza garrantzitsua da eta hondakinak ondo bereizteko etxean egiten den ahalegin txiki bakoitza guztiontzat da onuragarria".


Hartara, Hondakinen Prebentziorako Europako Astea dela eta Galdakaoko Udalak Ingurumenaren eta Garapen Jasangarriaren arloaren bitartez antolatu dituen bi ekitaldietan parte hartzeko deia egin du.


📅 Honakoak dira hitzorduak:


✅ Hondakina ondo bereizten ikasteko tailer irekia:


Azaroaren 28an, osteguna, 17:00etatik 18:00etara, Kurtzeko plazan.


✅ Etxeko konpostajea egiteko prestakuntza eta material banaketa:


Izena eman behar da Esan bulegoan, konpostajea@galdakao.net helbidean edo 94 401 05 00 telefono zenbakian


Azaroaren 28an, osteguna, 19:00etan, Txapelena Baserrian.


Abenduaren 4an, asteazkena, 19:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.