Igo
  • 2021/05/11

Hondakin organikoaren bilketa % 87 handitu da azken bi hileotan, Udalak kanpaina abiatu zuenetik

Bataz beste, 12.378 kilo hondakin organiko batu ziren bereizita Galdakaon 2020an. Galdakaoko Udalak, organikoaren bilketara animalia jatorriko hondakinak ere batuko zirela baliatuta zabor organikoa bereiztearen aldeko kanpaina egin zuen martxo hasieran, eta fruituak eman ditu deialdiak: Ordura arteko 12.378 kiloren aurrean, martxoan 23.140 kilo batu ziren edukiontzi marroietan, eta apirilean 23.380 kilo. Hau da, % 87 handitu da hondakin organikoaren bilketa azken bi hilabeteetan.


Zoriontzeko moduko datuak dira Udalaren ustez, zenbakiek jarrera aldaketa bat erakusten dutelako. Hala ere, asko dago egiteko: 2020an bereizitako hondakin organikoak hondakin guztien % 1,4 ziren, eta bi hilabeteotan ia bikoiztu egin den arren, % 2,33koa da portzentaia.


Askoz apustu handiagoa egin nahi du udal gobernu honek eta alkateak erronka handia bota zuen kanpaina abiatzekko otsailean egindako agerraldian: "Ea gutxienez % 10era heltzeko gai garen". Erronka handinahia da, baina posible dena: hondakin organikoei animalia jatorrikoak gehitzen Bizkaiko lehena izan zen Lea-Artibaik zabor guztien % 11 organiko bereizten du, konposta egiteko. Eta konposta egiteko erabiltzen den zaborra ez da erraustegietan erre edo zabortegietan lurperatu beharrik.


Beste datu on bat: organikoa bereiztea sustatzeko Galdakaoko Udalak egin zuen kanpainan 850 familiek eman zuten izena. Udalak eskerrak eman nahi dizkie horiei, eta bereizte lanean jarraitzeko eskatu nahi die. Halaber, konpostarako erabil daitekeen zaborra bereizten ez dutenei ingurumenaren aldeko apustura batzeko deia egiten die. Hartarako, Esan-en hitzordua hartu (94 401 05 00) eta organikoa bereizteko ontziak, poltsak eta txartela doan jasoko dituzte herritarrek.


Udalak hondakinak bereizteko apustuan jarraituko du, eta, bide horretan, organikoa batzeko ontziak jarriko ditu langileen eskura udal eraikinetan. Aurrera begira, zabor organiko gehien sortzen duten jatetxe eta tabernekin lanketa berezi bat egiteko asmoa du.


Informazio gehiagorako, begiratu kanpainaren berri emateko Udalak zabaldu zuen informazioa: https://www.galdakao.eus/gehiago/bereizten-den-hondakin-organikoa-1-4-da-egun-galdakaon-eta-10-izateko-erronka-bota-du-udalak/1001893/11853718///1/organiko