Igo
  • 2019/11/11

Hiri Mugikortasunerako Plan berritzailea lantzen ari da udala; iraunkorra, inklusiboa eta genero ikuspegia duena

Herritarren mugikortasuna hobetzeko helburuz, aurrera begirako plan osatu bat lantzen ari da Galdakaoko Udala; anbizio handiko plana, bai izaeran izango dituen berritasunengatik eta bai egiteko moduagatik. Egitasmo berritzailea izango da, Galdakaon inoiz egin gabekoa. Izan ere, oinarrian izango ditu ikuspegi iraunkorra ingurumenari dagokionez, eta genero ikuspegia zein inklusiboa. Egingo diren proposamen guztiek oinarri horiek barnebilduta izan beharko dituzte aurrera begira.


Ez hori bakarrik: egiteko modua ere berritzailea izango da, herritarrekin beraiekin landuko baita plana hasieratik. Horretan ari da, dagoeneko, udala: Plana landu ahal izateko, mugikortasunerako azpiegiturak nola dauden aztertzen eta auzo elkarteetako ordezkariekin biltzen ari da, ezer baino lehen. Egoeraren argazkia egiteko azpiegitura guztiei erreparatuko die: bidegorriei, errepideei, aparkalekuei, autobus zerbitzuei, trenari, metroaren etorkizuneko proiektuei. Eta herritarren eskaerei. Bai herri barruko garraioei dagokienean, bai eskualdekoei dagokienean.


Egungo egoera aztertu eta etorkizunerako plan egokiagoa egitea da helburua, norabidea argi izanda: energia kontsumoa ahalik eta gehien murriztea, auto pribatuen erabilera gutxitzea, eta garraio publikoan, bizikletaz zein oinez ibiltzea sustatzea. Iraunkortasunari begirako ikuspegi horrez gain, genero ikuspegia ere izango du planeko alor bakoitzak, eta bestelako beharrak dituztenei begirakoa ere bai.


"Galdakoztar guztientzako mugikortasun eredu segurua, iraunkorra, autonomoa, berdea eta parekidea dugu helburu", adierazi dute udal ordezkariek; "herritarren irisgaritasunean berdintasuna bermatu nahi dugu mugitzeko edo garraiatzeko modu desberdinak aintzat hartuta, eta, aldi berean, segurtasuna hobetu. Pertsonen eta garraioen mugimenduan eraginkortasuna handitu nahi dugu; haurren eta gazteen autonomia handitu; ingurumena babestu eta energia eraginkortasuna hobetzeko gas kutsakorren isuria gutxitu. Eta zarata emaria txikitu. Herria erakargarriagoa egitea eta bizi kalitatea hobetzea da helburua, eta plan honek mugikortasuna egokitu nahi du horretarako, genero eta inklusio ikuspegietan oinarrituta".


Hori guzti hori auzokideekin landuko du udalak, hiru fase izango dituen plangintzan:


1-Udala auzo elkarte guztietako juntekin bilduko da. Dagoeneko egin du lehen urrats hori. Udaletxeko ateak ireki, eta bertan batzartu dira Mugikortasun eta Garraio zinegotzia eta plana egiteko ardura duen hirigintza arkitektoa auzo elkarteetako ordezkariekin. Horien irakurketa eta eskaerak jaso dituzte. Urrian egin dute hori.


2-Azaroan zehar batzar irekiak egingo dituzte auzo guztietan. Auzoz auzo ibiliko da udala; bilera irekiak egingo ditu auzo elkarteen egoitzetan. Herritarren ekarpenak zuzenean batuko ditu horrela.


3- Hiri Mugikortasunerako Planaren ikerketa egiteko lizitazioa konkurtso publikora abendu aldera ateratzeko asmoa du udalak. Ordurako herritarren ekarpenak jasota egongo direnez, egin beharreko lanetarako zenbat diru behar den aztertuta egongo da, eta beraz, 2020ko aurrekontuetan jaso ahalko da partida hori.


4-Guzti horrekin, ikerketaren ondorioak ekainerako izango ditu udalak eta horiek izango dira Mugikortasun Plan berriaren oinarriak.