Igo
  • 2019/11/20

Hiri Mugikortasuneko Planaren oinarriak azaldu eta ekarpenak jasotzeko auzo batzarrak hasiko ditu gaur udalak

Hiri Mugikortasuneko Plan integral berritzailea egiteko lanean aurrerapausoak ematen ari da Galdakaoko Udala: Gaur batzar irekia egingo du Aperribain, auzokideei planaren oinarriak azaldu, eta euren ekarpenak jasotzeko.Hurrengo bi asteetan beste lau asanblada ireki egingo dira beste horrenbeste auzotan.


Irizpide orokorrak ezarrita ditu udalak: iraunkorra nahi du ingurumenari dagokionez, inklusiboa, eta genero ikuspegia barnebiltzen duena. Horrek zer esan nahi duen herritarrei zuzenean azalduko die Maripaz Losada Mugikortasunerako zinegotziak eta Ray Mendiburu hirigintza arkitektoak. Plan integral batek zer esan nahi duen eta mugikortasunaren eta herritarren ongizatearen ertz guzti horiek osotasun batean nola bildu nahi dituzten azalduko diote herritarrei.


Herritarren beraien galdera eta zalantzei ere erantzungo diete zinegotziak eta arkitektoak. Eta horien ekarpenak jaso ere bai. "Herritarrak dira bere beharrak ondoen ezagutzen dituztenak", azaldu du Losadak.


Herritarren parte hartze hori errazteko helburuz, hainbat auzotara joango dira zinegotzia eta arkitektoa, eta arratsaldez egingo dira batzar ireki horiek.


Hona egutegia:


▶️ Gaur, azaroak 20, 18:30ean, Aperribaiko liburutegian. (Aperribai, Txistulanda eta Olabarrietako auzokideei begira).


▶️ Azaroak 25, astelehena, 18:30ean, Usansoloko Txapelenan. (Usansolo, Gorozika, Bekea eta inguruko auzokideei begira).


▶️ Azaroak 27, asteazkena, 18:30ean, udaletxeko osoko bilkura aretoan. (Zugatzu, Elexalde, Berezikoetxe, Iberluze, Torrezabal eta ingurukoei begira).


▶️ Abenduak 2, astelehena, 18:30ean, Urretako eskolan. (Urreta, Tximiolarregoikoa, Urtebieta eta inguruko auzokideei begira).


▶️ Abenduak 4, asteazkena, 18:30ean. Pertsona nagusien egoitzan. (Bengoetxe, Zugatzaurre eta Trokako auzokideei begira).


Dendarien eta tabernarien ekarpenak ere kontutan hartuko dira plana egiterakoan.