Igo
  • 2021/06/30

Hiri Antolaketarako Plan Nagusia berrituko du Galdakaok; 1992an idatzitakoa egungo beharretara egokitu beharra dago

1992an idatzi eta 1993an onartu zen Hiri Antolaketarako Plan Nagusia du indarrean, oraindik, Galdakaok. Zortzi urtera berrikustea aurreikusten zuena. Industrializazio garaian sortua, eraikuntza eta zabalkundea ditu oinarri plan horrek eta lurren okupazioa bikoiztea aurreikusten zuen. Ia hiru hamarkadaren ondoren, asko aldatu da herria, eta baita bertako beharrak ere. Egungo hiri antolaketa ereduak oso bestelakoak dira; askoz jasangarriagoak, eta pertsona oinarri dutenak. 1993an onartutako HAPO hori zaharkitua dago, aldatu beharra dago, eta lan hori beregain hartzeko ardura hartu du udal gobernuak. Udalerri osoko lur guztien egoera berrikustea ardatz izanik, urteetan luzatzen den lan korapilatsua izaten da edozein herritako HAPOa aldatzea; are, idatzei zenetik horrenbeste urte igaro direnean.


"Abentura honetan sartuko gara Udal honek benetan sinisten duelako Galdakaok merezi duela horrelako plan berri bat izatea. Oso herri gutxik dute indarrean hain plan zaharra eta kudeaketaren arduretako bat plan orokor egoki eta eguneratua izatea da", adierazi du Udalaren apustua Iņigo Hernando alkateak.


"Abiapuntua ez da batere erraza", aitortu du alkateak. Hamarkada askotan gauzatutako hirigintza ereduak asko eraiki du, batzutan ez oso modu egokian, eta oso bestelako ereduari heldu nahi dio Hernandok, jasangarritasuna oinarrian jarrita eta arkitektura sustrai historikoak mantenduta. "Bisturi hirigintza" aipatu du: "badago aukera bat herritarren egunerokotasuna edo bizi kalitatea hobetzeko, bisturi hirigintza esaten zaion kontzeptu baten bidez; hau da, eraiki edo garatuta dauden tokietan aldaketa txikiak eginaz, guneak eta herritarren bizi kalitatea hobetzea. Gure ikuspuntua hori izango da: herri atseginago bat bihurtzea, jasangarritasuna erdigunean kokatuz. Eredu zaharkitu batetik gaur egungo beharretara egokituko den plana behar dugu". Hori dela eta, arduragatik, erronkari helduko diola azaldu du Hernandok.


"Gobernu Planeko 100 neurrietatik kanpo dagoen lan bat da", adierazi du Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak; "eta ez da gobernu inaktibo batek beregain hartuko lukeena, ez litzateke ausartuko".


HAPOa egokitzeko premia hasieratik ikusita, hirigintza diagnosia eskatu zuen gobernuak legealdi hasieran. Azterketaren ondorioa argia da: ez da egungo beharretara egokitzen. Hiri Antolaketarako Plan berriak izan behar lituzkeenak ere jaso ditu azterlanak, eta, besteak beste, ekologia oinarrian izan, sektore ahulenen beharrak aintzat hartu, eta hurbiltasunean zein mugikortasun ereduan paradigma aldaketa ekarriko lukeen ereduari heldu beharra plazaratu du. Lurzoruak modu iraunkorrean okupatzeko programa logikoa ere aipatzen du lanak, eta eraikuntza ordenantzak aldatu beharra, ingurumen, genero eta hizkuntza ikuspegiak txertatzeko. Interes kultural, arkeologiko eta naturalistikoko ondasunak ere kontutan har daitezen, udal katalogoa aldatzea ere proposatu du, eta Ibaizabal berbideratzeak sortuko dituen aukerak baliatzea, besteak beste.


HAPOa aldatzeko premia argi ikusita, horretarako lehen pausoak ematen ari da Udala: plana berrikusten hasteko akordioa adostu du eta udalbatzak onartu egin du proposamena, eta herritarren partaidetzarako plana prestatu da. Hemendik aurrera, urtetan luzatuko den prozesua landuko da.